Kultura, Euskara, Gizarte eta Hezkuntza arloko hitzarmenak eta laguntzak onartu dira

Guztiak ahobatez onartu ziren

Urteko lehenengo udalbatzarra izan zen atzo. Landu ziren gai gehienak gizarte, kultura, euskara eta hezkuntza arloko eragileen eta Udalaren arteko hitzarmen eta laguntza konpromisoak izan ziren. Guztiak ahobatez onartu ziren.

Gizarte-Ongizate arloan, gaixo psikikoen gizarteratzean lan egiten duen Arraztalo Elkartearentzako laguntza onartu zuen Udalak, garatzen dituen egitasmoen zati bat finantzatzeko (sagarren produkzioa, saskia, baratzeak...).

Kultura, Euskara eta Hezkuntza arloko laguntzak

Kultura arloan, atzo onartu ziren Soinuenea Fundazioak kudeatzen duen Herri Musika Txokoarentzako laguntzak; Luberri Ikasgune Geologikoaren eta Margosoro pintura akademian ikasten duten oiartzuarrentzako beka sistema.

Euskara arloan, berriz, euskararen normalizazioan jarduten duten bi herri-eragilerentzako laguntzak onartu ziren. Oiartzun Irratiak aurten Udaletik jasoko duen laguntza onartu zen. Bestetik, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin lau urtetrako hitzarmena onartu zen, besteak beste, Kuadrillategi, Euskara Elkartera edota ikasleekin ikastetxeetan egiten diren euskararen motibazio saioak gauzatu ditzaten.

Hezkuntza arloan, 0-3 adin tarteko hezkuntza bermatzen duen Urmendi Haur Eskolaren jardunerako Udalak aurten egingo duen inbertsioa onartu zen (672.000 €). Bestetik, Haurtzaro Ikastolaren eta Udalaren arteko hitzarmenaren baitan, mantenu-lanetarako laguntza onartu zen atzo. Ikastolak dituen 917 ikasleetako bakoitzarengatik diru kopuru bat jarriko du Udalak.

Abenduko eta urtarrileko protokolo gastuak

Abenduko protokolo gastua 1.210 € izan ziren (bidaiak, luntxak, idazkaritzako materiala...) eta urtarrilekoa, berriz, 232 € (bidaiak). Arlo ekonomikoari dagokionez, 2016ko aurrekontuaren azken hiruhilabetekoaren exekuzioaren berri ere eman zen. Kontu-hartzailetzan daude datuak, edonoren eskura.

Batzarraren bukaeran, EAJko Rafael Bergaretxeren galdera erantzunez, Jexux Leonet alkateak jakinarazi zuen datorren astean bilduko dela lehen aldiz Hondakinen Batzordea.