Merkatari eta ostalarien euskara eskolak hasi dira

Oiartzungo merkatari eta ostalarientzako euskara eskolak urtarrilean hasi dira. Aurten bi talde osatu dira, guztira, 8 merkatari (nahiz eta hasiera batean gehiago agertu ziren interesatuak). 60 orduko ikastaroa egingo dute ekainera bitartean euren bezeroekin duten ahozko harremana hobetzeko helburuarekin.

Udaletik eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunetik urtero egiten dugu ahalegina Oiartzungo merkatari eta ostalarientzako euskara eskola bereziak antolatzeko. Oiartzungo Udalak bere gain hartzen du talde hauen finantzazioa, esfortzu ekonomiko handia eginez.Iaz bezala, aurten ere Mamut eraikinean ari dira eskolak jasotzen, izan ere, ikasle gehienak inguru horretako langileak dira. Eskolak Intxixu AEK euskaltegiko irakasleek ematen dituzte.

Izen-emate kanpaina ongi joan da, ikasle kopuruak gora egin du. Ikasleetako batzuk iazko taldean ibilitakoak dira, besteak berriak. 60 orduko oinarrizko ikastaroa jasotzen ari dira, bezeroekin oinarrizko elkarrizketak izatea helburu duena. Ondoko establezimenduetako langileak dira: Mamuteko galerietan dauden Beti Auro kafetegia (1), Metro Cuadrado (1), Stock Factory (1) eta Zoocentro (1); Talaia poligonoko Mas por Menos (1), Arraguako Alhambra taberna (1), Elizaldeko Txara kafetegia (1) eta Itsaso gozoki denda (1). Talde bat goizez aritzen da eta bestea arratsaldez. Urtarrilean hasi eta ekainera bitarte luzatuko dira eskolak.

Ikastaroak 100 euroko kostua dut, baina baldintza batzuk betez gero %70era arte finantzatzen du Udalak. Horrela, euskararen normalizazioan estrategikoak diren sektoreetan eragin nahi du.

Klaseak hasi diren arren, Oiartzungo merkatariren batek parte hartzeko interesa badu, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin kontaktuan jartzeko eskatzen diogu. Izan ere, oraindik badago lekua ikasle gehiagorentzat. Ondoko bideak erabil ditzake:

E-posta: merkatariostalari@tturttur.eus

Telefonoa: 943 26 01 82

Bulegoan: Fermiñene etxea, Aialde 2, 1. solairua.

Merkatari eta ostalariak animatu nahi ditugu ikastaroetan parte hartzeko, euskararen erabilerak euren establezimenduari kalitatea emango baitio.

Gehigarriak

Merkatari eta ostalarien euskara eskolak hasi dira