Txarako lanetan egindako ustezko prebarikazioarengatik Martin Beramendi epaitzen hasi dira gaur

Dokumentuen zaintzan ustez egindako desleialtasunarengatik abenduan epaituko dute

Mendibilgo Txarako obretan ustez egindako prebarikazioarengatik epaitzen hasi da gaur Donostiako Zigor Arloko Epaitegia Martin Beramendi (2003-2007 legegintzaldian EAko alkatea izana, HamaikaBatera pasatu aurretik).

Abenduaren 13an, berriz, Gipuzkoako Audientzia Probintzialak dokumentu ofizialen zaintzan ustez izandako desleialtasunarengatik epaituko du, epaimahai herrikoiaren bidez.

Udalak gertatutakoa argitzea nahi du

Oiartzungo Udalak 2003-2007 legegintzaldian ustez gertatutako irregulartasunak argitzea nahi du. Epaiketa hauek bide horretan balioko dutela espero du. Izan ere, oiartzuarrentzako erakunde hurbilena den udaletxearen kudeaketaren ardura duenak txukun lan egin behar duela eta hala egiten ez duenak ondorioak izango dituela argi izan behar du.

Era berean, epaiketan lekuko gisa deklaratu behar duten udal langileei babesa agertu nahi die Udalak publikoki.