Merkatari eta ostalarientzako euskara eskoletan izena emateko epea irekita dago

Oiartzungo merkatari eta ostalarientzako euskara eskola bereziak antolatu dituzte aurten ere Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Azaroaren 20ra bitarte izena emateko epea zabalik dago. Iaz hasitako bideari jarraiki bi eskaintza desberdin egin ditugu, oinarrizkoa eta aurreratua. Merkatari eta ostalarien sektorea euskalduntzea euskararen normalizaziorako estrategikoa da Udalaren ustez.

Tokiari dagokionez, azkeneko ikasturtean egin bezala, oraingoan ere eskolak Mamut eraikinean jasoko dituzte, Oarsoaldea Garapen Agentziaren gela batean. Inguru horretan lan egiten duten merkatari eta ostalariek euskara eskoletan interesa agertu zuten iaz, eta erraztasunak emate aldera erabaki genuen eskolak lan-lekutik ahalik eta gertuen eskaintzea. Aurten ere bide horri eutsi diogu. Hala eta guztiz ere, euskara eskoletarako eskaintza Oiartzungo merkatari eta ostalari guztientzat da, eta nahi duen orok eman dezake izena. 

Bi eskaintzen xehetasunak hauek dira:

OINARRIZKOA: 60 orduko ikastaroa, merkatari/ostalariak bezeroarekin oinarrizko elkarrizketak izatea du helburu.

AURRERATUA: 60 orduko ikastaroa, pixka bat ulertzen duten ikasleentzat, ezagutza sakondu eta hitz egiten trebatzeko.

Sektore estrategikoa

Ikastaro bakoitzak 100 €ko kostua du. Oiartzungo establezimendu bateko langile izateagatik beka jasotzeko aukera dute ikasleek, eta beraz, asistentzia betez gero, Udalak %70 itzuliko die ikastaroa amaitzean. Izena ematen dutenen artean erabakiko dira eskola egunak eta orduak. Klaseak, Intxixu AEK euskaltegiko irakasleek emango dituzte Oiartzungo Udalak finantzatuta. Udalak bere gain hartzen du talde hauen finantziazioa, esfortzu ekonomiko handia eginez. Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziaren iritziz, merkataritza eta ostalaritza sektore estrategikoa da euskararen normalizaziorako. Sektore estrategiko horietan eragitea garrantzitsua da Aizpururen ustez.

Oiartzungo merkatari eta ostalariei gutuna bidali diegu ikastaroei buruzko informazioarekin, baina baten batek jaso ez badu eta interesatuta badago, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin kontaktua jartzeko eskatzen diogu. Ondoko bideak erabil ditzake:

E-posta: merkatariostalari@tturttur.eus

Telefonoa: 943 26 01 82

Helbidea: Fermiñene etxea, Aialde kalea 2, 1. solairua

Merkatari eta ostalariak animatu nahi ditugu ikastaroetan parte hartzeko, euskararen erabilerak euren establezimenduari kalitatea emango baitio.

Gehigarriak

Merkatari eta ostalarientzako euskara eskoletan izena emateko epea irekita dago