LANIN egitasmoak enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzeko metodologia zehaztu du

Enpresei hitzarmen malgu, zehatz eta iraunkorrak eskainiko zaizkie

LANIN egitasmoak Oiartzungo enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzeko estrategiak eta urratsak markatu ditu datozen hiru urteetarako. Sei hilabeteko diagnostikoa egin da Udalaren, enpresa-munduaren eta euskalgintzaren artean egungo egoera ezagutu eta aurrera begira pauso errealak markatzeko.

Atzo, emaitzak jendaurrean aurkeztu zituzten Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak; Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak; Mikel Urdangarin eta Aitzol Perez de San Roman Ahize-AEK-ko teknikariek, eta Joxean Amundarain Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzako teknikariak.

Herriko eragile sozioekonomikoen eta euskalgintzaren 25 ordezkari baino gehiago hurbildu ziren aurkezpenera.

Udalaren lehentasuna

Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak Oiartzunek LANIN egitasmoa aurrera ateratzeko "potentzialtasuna" baduela baieztatu zuen aurkezpenean, "herri euskalduna delako eta enpresa asko daudelako bertan". Enpresak LANIN egitasmoa "aprobetxatzera" animatu zituen.

Aitziber Arnaiz Euskara teknikariak Udalak enpresa ttiki eta ertainentzako egitasmo bat "aspalditik" martxan jarri nahi zuela azaldu zuen, "esperientziak esan digulako euskalduntzeko laguntzak eman direnean, erantzun dutela".

Oiartzunen 500 enpresa ttiki eta ertain daude, eta 3000 langile inguruk egiten dute lan horietan. "Kopuru handia da. Udalak lehentasun izatea erabaki du, eta denbora eta dirua eskaintzea LANIN-i". Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jaso du.

Malgua, zehatza eta iraunkorra

Mikel Urdangarin eta AItzol Perez de San Roman Ahize-AEK-ko teknikariek landu dute LANIN egitasmoa. Diagnostikoa osatzeko, 40 enpresatako arduradunei zuzeneko elkarrizketak egin dizkiete, herritarrei inkestak, Langunea martxan jarri eta enpresa-guneetan hiru bilera egin dira, besteak beste.

Emaitzetatik abiatuta, prototipo bat sortu dute, "proposamen malgu, zehatz eta iraunkorra, eta enpresa bakoitzak aukeratuko duena zer nahi edo behar duen", Urdangarinen arabera. Hitzarmen indibidualak eta kanpainak bereziak aurreikusten ditu LANIN-ek datozen hiru urteetarako.

Udalaren eskaintza eta enpresen konpromisoa

Hiru arlotako laguntzak eskainiko dizkie LANIN-ek enpresei: Zerbitzu-hizkuntzan (rotulazioa...); lan-hizkuntzan (ahozko eta idatzizko komunikazio horizontal eta bertikala, baliabide informatikoak...) eta hizkuntza-kudeaketan (estrategia, baliabideak...).

Udalak diru-laguntzak emango ditu (gastuen %50 arte); aholkularitza zerbitzua martxan jarriko du (horretarako, lanaldi erdiko lanpostu bat sortuko da); itzulpen eta zuzenketa zerbitzua emango du; eta euskara eskolak, mintzapraktika taldeak... eskainiko ditu.

Enpresei, berriz, gutxieneko batzuk eskatuko zaizkie: solaskide bat izendatzea; egitasmoarekin lotutako 8 orduko auzolana urtean; ahal dela D ereduko ikasleak hartzea praktiketan; hitzkun eskubideei begirunea eta, ahal dela, eskualdeko hornitzaileekin lan egitea.

Esportatzeko egitasmoa

Arnaizek azaldu zuenez, "orain hasiko da egitazko esperimentua". LANIN egitasmo pilotua da Gipuzkoan eta Oiartzungo Udalak "esportatzeko eta konpartitzeko" prestutasuna du.

Atzo bertan aurreratu zenez, 2017 urte hasieran jardunaldi batzuk egingo dira egitasmoaren inguruan.

Aurkezpenena Urdangarinen hitzekin bukatu zen: "Euskararen aldeko energia badago Oiartzunen; aktibatu egin behar dugu".

Gehigarriak

LANIN egitasmoak enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzeko metodologia zehaztu du