Azaroaren 7tik aurrera auzo guztietara hurbilduko da Udala

2017ko aurrekontuak eta auzoetako beharren balorazioa zein aurrera begirakoak izango dira hizketagai

Azaroaren 7tik aurrera, auzoetara hurbilduko da Udala, auzotarrekin aurrez aurre hitz egitera. Gobernu Taldeko kideek herritarrak batzarretan parte hartzera gonbidatu dituzte, "elkarlanean eraman behar dugulako aurrera Oiartzun".

Hiru bloke izango dituzte auzo batzarrek: 2017ko aurrekontuak, azken urteko balorazioa (auzokoa eta orokorra) eta aurrera begirako lanak auzo bakoitzean.

Auzo bakoitzean auzoko zinegotzi ordezkariak parte hartuko du, eta beste bi zinegotzi ere egongo dira.

 Auzoetako beharren balorazioak eta aurrera begirakoak

Nahiz eta legegintzaldi osoko ikuspegiarekin ari den lanean Udala bai herri mailan zein auzoetan, azken urtearen balorazioa egingo da auzo bakoitzean. Era berean, herri mailan ikuspegi orokorrarekin egin diren inbertsio eta egitasmo garrantzitsuenak ere azalduko dira, oiartzuar guztien onurakoak baitira.

Auzo guztietako beharrak jaso ondoren, iaz ekarpenak antolatu egin ziren. Izan ere, lan guztiak aldi berean egitea ezinezkoa denez, lau urteko ikuspegiarekin landu behar dira.

Eskaera horiek kontuan hartuz eta urte honetan sortu diren beharrak aztertuta, Udalak auzo bakoitzean hurrengo urtean gauzatzeko planteamendu errealak aurkeztuko ditu. Alegia, dagoeneko identifikatuta dauden beharrak asetzeko jarraipena nola eman planteatuko du, auzotarren iritzia jasotzeko.

Ekarpen berriak ere jasoko dira. Herritarrek Udalari zerbait eskatu edo planteatu nahi badiote, auzo batzarrak aukera egokia dira horretarako.

Aurrekontuak eta Udalaren egoera

2017ko aurrekontu orokorren proposamena ere azalduko die Udalak herritarrei. Urriko ohiko udalbatzarrean onartu zen behin-behineko proposamena.

Horrekin batera, Oiartzungo Udalaren egoera ekonomikoa azalduko da herritarrei: gaur egungo zorpetze maila zein den, Udalak identifikatuak dituen beharrak eta lehentasunak...

AUZO BATZARREN EGUTEGIA:

ALTZIBAR: Azaroak 16, asteazkena, eskoletan.

ARRAGUA: Azaroak 7, astelehena, frontoi ondoko lokalean.

ELIZALDE: Azaroak 15, asteartea, Manuel Lekuona bibliotekan.

ERGOIEN: Azaroak 10, osteguna, Auzokalte Elkartean.

GURUTZE: Azaroak 15, asteartea, Bizardia Elkartean.

ITURRIOTZ: Azaroak 14, astelehena, auzo lokalean.

KARRIKA: Azaroak 10, osteguna, Artaso Elkartean.

UGALDETXO: Azaroak 8, asteartea, Atamitxen.

Batzar guztiak 19:30ean izango dira, Gurutzekoa izan ezik: hori 18:30ean izango da.

Gehigarriak

Azaroaren 7tik aurrera auzo guztietara hurbilduko da Udala