Merkataritza ttikia suspertzeko azterketa martxan da

Larunbatean, herriko merkataritza ttikiaren egoera identifikatzeko mapeo kolektiboa egingo da

Merkataritza ttikia suspertzeko helburuarekin, Ekintza Plana osatzeko prozesua martxan jarri du Udalak, Hiritik At eta Aztikerren laguntza teknikoarekin. Hiru hilabete iraungo du azterketak eta Oiartzungo tokiko merkataritzari hauspo emateko plana definitzea izango da helburua. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Jexux Leonet alkateak eta Eneritz Arbelaitz alkateordeak, Iker Eizagirre eta Ainhoa Retegi Hiritik At-eko teknikariekin batera.

Prozesu honek, hasieratik bukaerara, merkatari eta herritar guztien ekarpenak izango ditu oinarri. Izan ere, merkataritza ttikia ez da merkatarien kontua soilik. Oiartzuar guztiei eragiten dio honen eraginak, merkataritza ttikia ezinbesteko baldintza baita herri bizi bat edukitzeko. Horrela, gure herrian negozioak dituzten merkatariei eta gainerako herritarrei prozesuan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu.

Dagoeneko martxan dagoen lehenengo fasean, merkataritza ttikiaren diagnostiko zehatza lortzea da helburua. Horretarako, herriko merkatari ttiki guztiekin egongo da, herritar talde bati inkesta egingo zaio eta osatzeko, urriaren 22an, mapeo kolektiboa egingo da.

Mapeo kolektiboa, herriko merkataritzaren egoeraz hausnartzeko

Mapeo kolektiboaren helburua merkatari, elkarte, eragile eta kontsumitzaileen artean Oiartzungo merkataritza ttikiaren indarguneak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatzea izango da.

Modu erraz eta dibertigarrian planteatutako saioa izango da larunbatekoa. Taldeka, Oiartzungo mapa handi baten laguntzarekin aztertuko dira tokiko merkataritza eta herri bizitza suspertzeko bideak.

Saioa urriaren 22an, larunbata, 16:00etan izango da Doneztebe plazan.

Azaroan aurrera begirakoak erabakiko dira

Bigarren fasean, Ekintza Planaren lan-lerro nagusiak definitu eta epe ertainean aurrera eramateko antolaketa eztabaidatuko dira. Horiek, azaroaren 9an (asteartea) eta 23an (asteazkena) egingo diren foro irekitan erabakiko dira. Bi saioak Manuel Lekuona bibliotekan izango dira, 20:00etan.

Bukaeran, prozesutik ateratako ondorioak merkatari eta herritarrei itzuliko zaizkie, ekintza publiko baten bidez. Abenduaren 17an izango da hori, Txerri Egunaren bueltan.

Gehigarriak

Merkataritza ttikia suspertzeko azterketa martxan da