Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako ikastaroa, dohainik

Zaintza lanak eta bizitza pertsonala bateragarri izateko gaitasunak landuko dira Matia Fundazioko adituekin

Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako saioak antolatu ditu Udaleko Gizarte-Ongizate zerbitzuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ikastaroaren helburua hirukoita da: batetik, mendekotasun egoera duten pertsonen zaintza-lanak planifikatzeko ezagutzak ematea; bestetik, mendekotasuna duten pertsonen autonomiari garrantzia ematea eta azkenik, zaintza-lanak eta bizitza pertsonala bateragarri izateko gaitasunak lantzea.

Guztira, 12 orduko ikastaroa izango da (bi orduko sei saio). Saio bakoitzean, zaintzaileen zaintzan oinarrizkoak diren kontzeptuak landuko dira, taldean: zaintzaren antolaketa; norbere burua zaintzeko teknikak; lehen sorospen, mobilizazio eta transferentziak; zaintza lanen banaketan dauden genero errolak eta estereotipoak... Matia Fundazioko adituek gidatuko dituzte saioak.

Hiru asteko iraupena izango du ikastaroak. Lehenengo saioa hilaren 18an (asteartea) izango da eta azaroaren 2an azkenekoa. Saio guztiak udaletxeko areto nagusian izango dira, 15:00etatik 17:00etara.

Ikastaroa dohainik izango da. Hala ere, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, Gizarte-Ongizate bulegoan (943 49 05 52 telefonora deituta edo bertara azalduta, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30etara).