Lanin, enpresa ttikiak euskalduntzeko egitasmoa aurkeztuko da datorren astean

Hilaren 19an aurkezpen irekia izango da enpresa ttikietako kide, euskalgintza eta herritarrentzat

Udalak herriko enpresa ttiki eta ertainetan (50 langile baino gutxiago dituztenak) euskararen erabilera gehitzeko egitasmoa martxan jarriko du, Lanin izenekoa.

Datorren ostegunean (hilak 19), egitasmoaren aurkezpen irekia egingo da Elorsoro kiroldegiko bilera gelan, 19:00etan, Jexux Leonet alkatearekin, Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziarekin eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza berdintasunerako zuzendariarekin.

Enpresa ttikiak (enpresari zein langileak), euskalgintza eta gaian interesa duen edozein herritar dago aurkezperan gonbidatuta.

Urrian, emaitzak erakutsiko dira

Helburua egun enprestan euskararen peresentziak eta erabilerak duen egoera ezagutu, beharrak zehaztu eta datozen hiru urtetarako plana diseinatzea da. Horretarako, Udalak AEK-ren Ahize hizkuntza aholkularitzako teknikarien laguntza izango du.

Sei hilabeteko prozesua izango da hau. Tarte honetan, Udala zuzenean ariko da herriko enpresari ttikiekin lanean (lagin bat aukeratuta), baita euskalgintzarekin ere.

Urrian bukatuko da prozesua eta emaitzak ere bilera ireki baten bidez aurkeztuko dira.

500 enpresa ttiki daude Oiartzunen

Oiartzunen 50 langile baino gutxiago dituzten 500 enpresa baino gehiago daude. Hauek lan-munduan duten pisua ez da hutsaren hurrengoa, egiten duten lana garrantzitsua delako eta 3.000 pertsona baino gehiago ari direlako enpresa horietan lanean. 

Orain arte, enpresa handiekin lan egin da euskararen normalizazioa bultzatzeko, baita merkatari zein ostalariekin ere. Udalaren ustez, hala ere, lan-mundua euskalduntzeko funtsezkoa da enpresa ttikiekin ere lan egitea. Izan ere, egitasmo hau eurekin batera diseinatu eta planteatuko da, ematen diren urratsak errealak izan daitezen.

Gehigarriak

Lanin, enpresa ttikiak euskalduntzeko egitasmoa aurkeztuko da datorren astean