Euskaraz dotoreago kanpaina hasi da eskualdeko arropa denda eta mertzerietan

Oiartzunen, 18 komertziok parte hartuko dute

Oarsoaldeko lau udalok 19 bat urte daramatzagu merkataritzan eta ostalaritzan elkarlanean euskararen normalizazioa sustatzen. Urte hauetan guztietan indarrean izan dugu, besteak beste, merkatariei eta ostalariei zuzenduriko doako zerbitzu eskaintza, establezimenduetan euskararen presentzia handitzea helburua duena.

Urtean zehar udalek merkatari eta ostalarientzat zein zerbitzu eskaintzen dugun gogorarazteko eta ezagutzera emateko hainbat komunikazio ekintza burutzen ditugu: eskuorriak, katalogoak, gutunak... Eta aldian-aldian, euskara zerbitzutik teknikaria joaten zaie bisitan laguntza eskaintzera.

Orain sei urtetik hona, urtero merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi dugu eta harekin ahalegin berezia egiten dugu. Elementu bereziren bat eskaintzen diegu eta ekimen deigarri eta erakargarri bat antolatzen dugu, sektoreko establezimenduak parte hartzera gonbidatuz. 

2016an ere sektore edo gremio bat aukeratu dugu: arropa dendak eta mertzeriak. Eta lau ekimen prestatu ditugu sektoreari begira. Baina aurten, gure buruari erronka bikoitza jarri diogu, eta sektoreaz gain, iazko lanketari jarraipena emanez, herri bakoitzean gune, kale edo eremu bat hautatu dugu hango establezimendu guztietan sakonago eragiteko asmoz. Gremioa lantzeaz gain, bereaz, aipatutako eremu horietan esfortzu berezia egingo dugu.

Sektore edo gremioari dagokionez, kanpainan parte hartuko duen establezimendu kopurua 90en bueltakoa izango da. Oraindik batzuk gehi dakizkioke multzo horri. Oiartzunen, 18 establezimendu izango dira.

Kanpaina honetan parte hartzeko arropa dendei eskatzen dieguna hauxe da: bezeroei zuzenduriko ohar eta idatziak euskaraz ere izatea. Horrez gain, kanpainaren kartela urte bukaera arte bistan izatea. Horiek dira baldintzak kanpaina partze hartzeko. 

Arropa dendetako eta mertzerietako lanketa

ITZULPENAK eta MATERIALA: Maiatza bitartean, ekimenean parte hartu nahi duten arropa denda eta mertzeria guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaratu dizkiegu. Ahalik eta gehienak eta ahalik eta euskarri iraunkorrenaz. Aurrengo kanpainaren leloa Euskaraz dotoreago izango da. Kanpainaren irudia izango denarekin kartelak egin ditugu establezimenduetan jartzeko banatuko dizkiegu, kanpaina oso iraun dezaten. 

IRRATI-TARTEAK: Atzotik, arropa denden jabeei zuzenduriko irrati-tarteak emitituko ditugu astebetez Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Info7n eta Oiartzun Irratian. Iraia Oiartzabal moda diseinatzaile pasaitarrak jarri die ahotsa irrati-tarte horiei.

POLTSAK: Ekainean, Euskaraz dotoreago irudia eta leloa inprimaturik izango duten oihalezko poltsak banatuko zaizkie dendetako arduradunei, bezeroei opari emateko. Establezimendu bakoitzean 30 ale uzte aurreikusten dugu.

ZOZKETA: Udazkenean, irailaren 21etik urriaren 21era, zozketa egingo dugu ekimenean parte hartzen ari diren eta barnealdeko jendaurreko idatzi, ohar nahiz elementuak euskaraz (ere) dituzten eta hala nahi duten establezimendu guztietan. 10 €ko hiruna deskontu bale emango dizkiogu establezimendu bakoitzari eta aurrez zehaztuko diren data jakin batzuetan erosketa euskaraz egiten duten lehenengo bezeroei emango dizkiete.

Merkataritza eta ostalaritza sektore osoari zuzenduriko ekimena

Azaroaren azkeneko astean eta abenduko lehenean eguberrietako kanpainari lotuta, Euskararen paparazziak izeneko argazki lehiaketa egingo dugu eskualdean; euskara, merkataritza eta eskualdeko establezimendu bat lotuz eginiko argazki onena eta bigarren onena izango dira sarituak. Lehiaketarako oinarriak eskuragarri dituzue www.oarsoaldea.eus webgunean eta udal euskara zebitzuetan. 

Honen guztiaren berri badute arropa denden eta mertzerien jabeek, euskara zerbitzuak haiekin elkarlanean ari baitira. Bainan honen berri oraindik ez duen establezimendu jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Hori, sektore edo gremioari dagokionez, baina esan dugu aurten erronka bikoitza dugula eta herri bakoitzean gune edo eremu bat hautatu dugula bertan bereziki eragiteko asmozz. Oiartzunen, Mamut merkataritza guneko 50 establezimenduak izango dira.

Hizkuntza paisaia euskalduntzeak (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak...) duen garrantzia nabarmendu nahi dugu ekimen hauekin guztiekin.

Hizkuntza paisaiak hizkuntza batek duen edo ez duen estatusaren berri emateaz gain, establezimendu bakoitzak hizkuntzarekiko edota hizkuntzekiko, eta, ondorioz, hiztunekiko duen begirunea ere erakusten du. Herri batera, eta establezimendu batera sartzen garenean, aurrena ikusten dena horixe da. Beraz, oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia euskaraz egotea. Dudarik gabe, horrek berak bezero euskaldunak euskara erabiltzea erraztuko baitu. Modako jantzirik ikusgarrienak bezala, euskarak gu eta gure establezimendua dotoretuko gaituela ziru gaude. 

Gehigarriak

Euskaraz dotoreago kanpaina hasi da eskualdeko arropa denda eta mertzerietan