Lehenengo proiektua baratza profesionalak martxan jartzea izango da
Oiartzungo Udalak Lurbizi egitasmoa martxan jarri du, lehenengo sektorea profesionalki sustatzeko.
Lehenengo sektorearen egoera txarra da Oiartzunen. Horren adierazgarri da jarduera profesionalaren %0,92 baino ez dela sektore horrena eta berriki Gaindegiak egin duen etxebizitza hutsen azterketak erakutsi duela etxe huts gehien landa-eremuko baserriak direla (94). Sektorearen gainbeherak kezkatuta, biziberritzeko egitasmo bat martxan jartzea izan da Udalaren helburua legegintzaldi hasieratik.
2016an, 40.000 € bideratuko ditu Udalak Lurbizi egitasmora.
Lehenengo egitasmo zehatzak: baratzak
Lurbizi egitasmo zabala izango da, Udaletik lehenengo sektorera bideratzen diren proiektu guztien aterpea. Lehenengo sektorean profesionalki aritzeko erraztasunak ematea da helburua: "Badaude lehenengo sektorerako proiektuak dituzten herritarrak, baina lurrik ez dutenak; eta badaude lurrak dituzten herritarrak, baina hauek lantzeko proiekturik ez", azaldu da Jexux Leonet alkateak.
Martxan jarriko den lehenengo proiektu zehatza baratza profesionalena izango da, Udala eta Behemendiren artean elkarlanean. Kudeaketa Behemendiren esku geratuko da eta Udalak finantzatuko du.
Nekazaritzako egokia den 25.000 m2ko lur-eremua alokairuan eskainiko zaie ekoizleei (gutxienez 5.000 m2ko eremutan). Momentu honetan, Behemendi nekazal produkzioa martxan jartzeko azpiegituren azterketa egiten ari da.
Alokairua lehiaketa publiko bidez esleituko da nekazariei. Oiartzunen erroldatuko nekazariek eta langabezian daudenek lehentasuna izango dute. Bestelako ezaugarri batzuk ere baloratuko dira: arloko ikasketak eta esperientzia, adibidez.
Ekoizpena kontsumo-taldeen, salmenta zuzenez eta herriko merkatarien bidez saldu ahal izango dute ekoizleek.
Elikadura burujabetza berreskuratzeko urratsak
Lurbizi egitasmoarekin, lehenengo sektorea profesionalki sustatzeaz gain, elikadura burujabetza berreskuratzeko bidean urratsa ematea ere bada Udalaren helburua.
Azken urteetan sektore ekonomikoen desorekarengatik kanpoko ekoizle eta produktuen dependentzia sortu da. Elikadura arloan burujabe izateko, oinarrizkoa da tokian tokiko kontsumitzea.
Orain arte, izan ditugu esperientzia batzuk gure herrian bertan: Agroaldea (udal lurrak nekazaritzako; produkzio espezifikoak egiten dira) edota Arraztalo gisako iniziatibak (kontsumo taldea).
Herrian elikadura burujabetzaren inguruko lanketa egitea ezinbestekoa da merkatari ttikiekin, herri mugimenduarekin edota ikastetxeekin. Bide horretan, ikastetxeekin lanketa martxan dago, ikasturte honetan gai hau lantzen ari baitira Eskola Agenda 21n baitan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika