Girizia kirol eta kultur elkarteak jasoko du Oiartzungo lehenengo Kirol Saria
Datorren astean, hilaren 7tik 12ra, Kirol Astea izango da Oiartzunen. Bigarren urtez kirola, zertarako? galderari erantzuna ematen saiatuko gara modalitate ezberdinetako kirolarien laguntzarekin.
Kirolean beti emaitzak izaten dira bistan dagoena, baina kirolak baditu beste alde batzuk ere. Bizipenak, sozializazioa, lekuak ezagutzea... Oiartzungo eta Euskal Herriko kirolariek euren bizipena partekatuko dituzte saio hauetan.
Kirol Saria, Girizia kirol eta kultur elkartearentzat
Aurten, lehenengoz Oiartzungo Kirol Saria banatuko da, Kirol Astearen baitan. Kirolaren alde egindako lanarengatik, lortutako emaitzengatik edo egindako ibilbidearengatik nabarmendu diren oiartzuarrak (norbanakoak, taldea edo eragilea) errekonozitzeko sortu da sari hau.
Herritarrek hautagai izateko 265 proposamen egin dituzte. Horien artean, saritua herriko kirol eragile gehienek parte hartzen duten Kirol Aholku Kontseiluak erabaki du.
Girizia kirol eta kultur elkartea izango da saria jasoko duena, 40 urteko ibilbidean herrian kirol disziplina ezberdinak errotzeko egin duen lanarengatik. Giriziaren barruan kirol sail ezberdinak izan dira urte hauetan guztietan: sokatira, mendia, eskalada, mendi-lasterketak, BTT, zikloturistak, pilota, pala...
Herritarren proposamenak Kirol Sarirako eta egitaraurako
Aurtengo Kirol Astea osatzeko, izan ere, herritarren proposamenak jasotzeko ahalegina egin da eta emaitza oso positiboa izan da. Esan bezala, Oiartzungo Kirol Sarirako 265 proposamen jaso dira.
Egitaraua osatzeko ere, gaiak eta herrira etortzea nahiko luketen kirolariak proposatzeko aukera eman zaie herritarrei. 38 proposamen jaso ditu Udalak.
Aukeraketa egin behar izan dahorien artean, baina hurrengo urteko Kirol Asterako kontuan hartuko dira.
Galdera-erantzunen jolasa ikastetxeetan
Herriko LH 1. mailatik DBH 4. maila arteko ikasleek ere parte hartuko dute Kirol Astean. Maila bakoitzari egokitutako hiru galdera egingo dira astean zehar. Elikadura, euskararen erabilera, berdintasuna eta Oiartzungo kirolaren historia izango dira galderen oinarriak.
Kirol Astea herriko haur eta gaztetxoengana heltzea da jolasaren helburua, era ludiko baina era berean didaktikoan.
Parte hartzen duten Haurtzaro Ikastolako, Elizalde Herri Eskolako eta Elizalde Institutuko ikasleen artean kirol materiala zozkatuko da eta hilaren 11n banatuko zaie, Kirol Saria banatuko den egunean bertan.
EGITARAUA: Saio guztiak udaletxeko areto nagusian izango dira
MARTXOAK 7, ASTELEHENA (19:30): Alberto Iñurrategi: Porrotaren alde.
MARTXOAK 8, ASTEARTEA (19:00): Joku Olinpikoak. Parte-hartzaileak: Xabier Leibar (Joku Olinpikoetako medikua); Mikel Odriozola (martxa); Leire Olaberria (txirrindularitza) eta Aitor Puertas (snow-board). Moderatzailea: Mikel Astarloza.
MARTXOAK 9, ASTEAZKENA (19:00): Emakumea eta kirola. Parte-hartzaileak: Josune Cousillas (Girizia-sokatira); Itziar Igartua (Lilaton taldea); Alazne Inziarte (OKE), Karmele Irastorza (Emarri) eta Onintza Mitxelena (Intxixu Trail eta Emarri). Moderatzailea: Goiatz Labandibar..
MARTXOAK 10, OSTEGUNA (19:30): Triatloia. Parte-hartzaileak: Aitor Alberdi; Janire Estevez; Maider Gaztañaga; Hektor Llanos eta Mikel Lopez. Moderatzailea: Mirari Martiarena.
MARTXOAK 11, OSTIRALA (19:30): Kirol Saria banatzeko ekitaldia eta herriko kirol eragileen mahai-ingurua.
MARTXOAK 12, LARUNBATA (10:00, Uztapide plazatik, Ergoien): Mendi lasterketako saio teknikoa, Oihana Kortazarrekin.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika