Herriko mugimendu feministak Udalari elkarlanerako eskua luzatu dio
Martxoaren 8aren harira, EH Bilduk emakumeen eskubideen berdintasunari buruzko mozioa aurkeztu zuen atzoko ohiko udalbatzarrean, eta taldeko zinegotzien botoekin onartu. "Berdintasun faltsuaren diskurtsoak oraindik estaltzen dituen oinarrizko eskubideen urraketa" salatu eta lan-baldintzak duinak, sexualitate librea, zaintza partikatua, eraso sexistarik gabeko bizitza... bermatzeko eguneroko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Horrekin batera, Udalak herri mailan garatzeko zenbait konpromiso zehatz ere hartu zituen: kale izendegian emakumezkoak ere agertzeko irizpideak jartzea; Udalaren idatzietan hizkuntza ez sexista erabiltzea; jai eta ospakizunetan parekidetasuna sustatzea; udaleko sailetan genero-ikuspuntua zeharlerro izatea eta epe motzera begira, Martxoaren 8aren harira herriko emakume talde eta talde feministek antolatutako ekimenetan parte hartzea.
EAJ abstenitu egin zen, "ez egunak duen kontzeptuaren kontra gaudelako, baizik eta mozioa erradikalegia iruditzen zaigulako eta proposatzen diren ekintza batzuk ez ditugulako konpartitzen" adierazi zuen Rafael Bergaretxek. Agurtzane Lekuona, Feminismo zinegotziak, "udaletxean antolatzen diren formakuntza saioetan" parte hartzera gonbidatu zituen jeltzaleak; "momentuan erabakiko dugu parte hartu edo ez", erantzun zuten. Jexux Leonet alkateak "frustrazioa" azaldu zuen "emakumeen eskubideen inguruan adostasunera heldu ez garelako".
Oiartzungo Asanblada Feministaren izenean, bertako kide batek Udala "zoriondu" zuen feminismoaren bidean hartutako bidearengatik, eta elkarlanerako eskua luzatu zuen. "Garrantzitsua da ikuspegi feministarekin lanean jarraitzea, ez emakumeentzako soilik. Animatzen zaituztegu horrela segitzera eta feminismo hitza beldurrik gabe erabiltzera, guztiok berdintasunean bizitzeko ideologia baita; inork ezin du horren kontra egon".
Lurbizi: lehen sektorea sustatzeko egitasmoa martxan
Lurbizi udal ekimenaren berri ere eman zen atzo. Lehenengo sektorea profesionalki sustatzeko bitartekoak eskainiko dituen egitasmoa izango da. Lehen ekimena, Behemendirekin batera, baratza profesionalak martxan jartzea izango da. Leonetek azaldu zuenez, "errealitatea da proiektuak badaudela, baina garatzeko lurrik ez. Baratza-lurrekin hasiko gara, baina egitasmo zabala izango da. Ilusionatuta gaude eta beharrezkoa iruditzen zaigu".
Azkeneko hilabeteko protokolo gastuak 65 euro izan dira, harpidetza eta bidaiatan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika