Etxe hutsak oiartzuarrentzako alokairuan merkaturatzea da Udalaren asmoa
Etxebizitza politika integrala martxan jartzea da Oiartzungo Udalaren lehentasunetako bat legegintzaldi honetan, etxebizitza eskuratzeko herrian dauden beharrak erantzuteko.
Lehenengo urrats gisa, herrian dauden etxebizitza hutsei buruzko azterketa egin du Udalak, Gaindegiaren bitartez (Euskal Herriko gizarte eta ekonomia garapenerako behategia),
Udalaren helburua etxebizitza hutsak dituzten etxejabeei hauek alokairuan jartzeko bitartekoak eskaintzea da. Maizter izan daitezkeenak alokairuzko etxebizitza programara ere erakarri nahi ditu.
Erabiltzen ez diren etxebizitzak erabilgarri jarrita, herrian bertan bizitzeko aukera berriak eskaintzea izango da Udalak sustatu nahi duen etxebizitza politikako asmoetako bat. Egin den azterketari esker, herritarren beharrak eta egoerak kontuan hartuta, alokairu eskaintza egokiak proposatzeko bidea emango du.
357 etxebizitza huts identifikatu dira
Martxan jartzeko, ezinbestekoa da etxebizitza hutsak nolakoak diren jakitea. Gaindegiaren laguntzarekin egindako ikerketak alokatzeko aukera izan dezaketen etxebizitzak klasifikatu ditu (kokapena, azalera eta antzinatasunaren arabera).
Azterketaren emaitzen arabera, 357 etxebizitza huts daude Oiartzunen. Horien artean gehienak (%26,3) baserri-eremuan daude. Auzoguneetan, Elizalden (%18,2) eta Altzibarren (%13,4) daude etxebizitza huts gehienak.
Azterketa honen bitartez, alokairura bideratzeko aukera gehien dituzten etxebizitzen lagina aztertu nahi du Udalak, etxejabeekin adostuta hauek merkatuan jartzeko.
Hurrengo urratsak
Udalaren hurrengo asmoa etxebizitza horietako batzuk alokariaun merkatura ateratzea da. Horretarako dauden aukera guztiak ari da aztertzen.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Alokabide zerbitzuko arduradunekin bildu dira udal ordezkariak, Bizigune programaren bidez zenbait etxebizitza alokairuan jartzea aztertzeko.
Oiartzungo Udalak alokairuan merkatura ateratzen diren etxebizitzak oiartzuarrentzako izatea du helburu. Hori lortzeko negoziatzen jarraituko du.
Gobernu Taldearen lehentasuna
Esan bezala, Gobernu Taldearen lehentasunetako bat da etxebizitza politika integrala martxan jartzea, herri programan hartutako konpromisoetako bat ere bai baita. Horretarako, 2016 urteko aurrekontuetan diru-erreserba egin du eta indarrak jartzen ari da egitasmoak martxan jartzeko.
Etxebizitza hutsen inguruan egin den lanketa etorkizuneko etxebizitza politika efizientea garatzeko pauso garrantzitsua da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika