Azken egunetan Errenterian izandako eraso matxistak salatzen ditugu

Astebetean hiru aldiz kalera atera gara Euskal Herrian gertatutako indarkeria matxista kasuak salatzera

Astebetean hirugarren aldiz, emakumeen kontrako indarkeria kasuak salatu behar ditugu Euskal Herrian. 

Salatu behar dugun azkeneko erasoak joan den astean (urtarrilak 28) Errenterian gertatu ziren. 

Urtarrilaren 28an (osteguna) Galtzarabordako kiroldegiko emakumezko erabiltzaile batzuk, bertako emakumeen aldagela batean kamara mugikor bat ikusi zuten. Bestalde, hiru egun lehenago (urtarrilaren 25ean), arratsaldean emakume batek eraso sexista jasan zuen Errenterian, eta salatu egin zuen.

Gertakari larri horiek direla eta, Oarsoaldeko Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen mahaiak bat egin dugu Oarsoaldeko Mugimendu Feministak antolatutako deialdiarekin. 

Gertakari horiek direla eta, jendaurrean eta ahobatez adierazi nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertuko dugula behar den guztietan. Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta lanean jarraituko dugu erakunde, elkarte eta herritarrok, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen.

Era berean, Oarsoaldeko Udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeek Mahaiak erasotutako emakumeei gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA GEHIAGORIK EZ!