Mamuteko merkatari talde bat euskara ikasten ari da

2015ean merkatal zentro horretan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin berezia egin da

Oiartzungo merkatari eta ostalarientzako euskara eskolak urtarrilean hasi dira. Bost laguneko taldea sortu da, eta ekainera bitarte 60 orduko ikastaroa egingo dute. Mamuteko galerietako merkatariak dira. Oinarrizko ikastaroa jasoko dute, euskaraz gutxi, edo ezer ez dakitenei bideratua. Nahi izanez gero, oraindik badago taldean sartzeko aukera.

Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunetik urtero egiten da ahalegina Oiartzungo merkatari eta ostalarientzako euskara eskola bereziak antolatzeko. Oiartzungo Udalak bere gain hartzen du talde hauen finantzazioa, esfortzu ekonomiko handia eginez. Aurtengo berrikuntza izan da eskolak emateko lekua Mamut eraikinean jartzea. Eskolak AEK Intxixu euskatelgiko irakasleek ematen dituzte bertan, baina 2015ean, merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoaren baitan, Mamut merkataritza-guneko galerietan lanketa berezia egin dugu.

Hango establezimenduetara bisitak egin ditugunean euskara eskoletan interesatutako merkatariak aurkitu ditugu. Horrela bada, urteroko euskara eskolen eskaintza egitean, lekua Mamuten finkatu dugu, ahalik eta erraztasun gehien emate aldera. Hala eta guztiz ere, euskara eskoletako eskaintza Oiartzungo merkatari eta ostalari guztientzako da.

Izen-emate kanpaina ongi joan da, baina merkataritza eta ostalaritzako ordutegiak zailak izaten dira, eta azkenean, bost laguneko taldea aurrera ateratzea lortu dugu. 60 orduko oinarrizko ikastaroa jasotzen ari dira, bezeroekin oinarrizko elkarrizketak izatea helburu duena. Mamuteko hiru establezimendutako merkataritak dira: Kutizi, la casa del perfume (1); Beti-auro kafetegia (1) eta M2 (3).

Ikastaro bakoitzak 100 euroko kostua du, baina Udalak ordaintzen du %50, eta baldintza batzuk betez gero, %70ra arte finantzatzen du. Horrela, euskararen normalizazioan estrategikoak diren sektoreetan eragin nahi du Udalak.

Klaseak hasi diren arren, Oiartzungo merkatariren batek parte hartzeko interesa badu, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin kontaktuan jarri daiteke. Izan ere, oraindik badago lekua ikasle gehiagorentzat. 

Ondoko bideak erabil ditzake: 

e-posta: merkatariostalari@tturttur.eus

Telefonoa: 943 26 01 82

Bulegoan: Fermiñene etxea, Aialde 2, 1. solairua

Merkatari eta ostalariak animatu nahi ditugu ikastaroetan parte hartzeko, euskararen erabilerak euren establezimenduari kalitatea emango baitio.

Gehigarriak

Mamuteko merkatari talde bat euskara ikasten ari da