XVII. mendeko akta liburuen hustuketa euskaraz egiten duten lehenengotariko herria da gurea
Udal artxiboa XVII. mendeko udal akten hustuketa lana egiten ari da, eta, lehenengoz, euskara hutsean ari da lan hau egiten.
Lanak bukatzean, udal aktetako informazioaren laburpena datu base batean gordeta geratuko da. Udalaren esku egongo da, nahi duenak erabili ahal izateko.
"Lana euskaraz egitea, berrikuntza eta meritua"
Lana euskaraz egitea "berrikuntza handia eta kontuan hartzeko meritua da", Ereiten Kultura Zerbitzuak enpresako Iago Irijoa historialari eta hustuketaren arduradunaren arabera. Oraindik ez da ohikoa euskaraz egitea horrelako lanak, "ohituagoak gaudelako gazteleraz egitera eta azkarragoa delako".
Lan hau euskaraz egiteak baditu bere zailtasunak. Euskarazko hiztegi teknikorik ez dago Erdi Aroko eta Aro Modernoko terminologia zehazteko. Horregatik, bestelako irizpide batzuk kontuan hartuta (Orotariko euskal hiztegia eta Aita Larramendiren Diccionario Trilingüe, esaterako), historialari euskaldunentzako tresnak sortzeko oinarriak jartzea da hustuketak euskaraz egitearen helburuetako bat. "Hala ere, aldakorra da terminologia, proposamen hobeak egiten direnean aldatzen direlako", zehaztu du Irijoak.
Zailtasun horiek egonik ere, Oiartzungo Udalaren erabaki politikoa hustuketa euskaraz egitea izan da. Gainera, Oiartzungo udal artxiboaren lanerako hizkuntza euskara izanik, hustuketa ere hala egiteak lan-jarduna erraztuko du.
Gaur-gaurkoz, honako herri hauetan ere egin izan dituzte akten hustuketak euskara hutsean: Asteasun, Getarian, Lezon, Olaberrian eta Villabonan.
Udal akta bereziak
Oiartzungo udal artxiboan dauden udal akta libururik zaharrenak dira XVII. mendekoak (zaharrena 1658. urtekoa da). Gainera, adituek azaldu dutenez, nahiko bereziak dira, udal erabakiez gain akta liburu horietan jasota daudelako garaiko gutunak, emandako baimenak...
Azterketak, oraingoz, bi emaitza garrantzitsu eman ditu: batetik, euskal hitzak topatu dira XVII. mendean gazteleraz idatzitako aktetan; bestetik, gaur egun ezagutzen ditugun toponimoak forma ezberdinekin topatu dira, baita egun desagertuak dauden batzuk ere (gaur egungo toponimia XVIII., XIX. eta XX. mendeko dokumentuetan oinarrituta sortu baita, nagusiki).
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika