Bigarren aldiz, 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu
EAEko Auzitegi Nagusiak Oiartzungo Udalari arrazoia eman dio eta San Markos Mankomunitateko 2014ko aurrekontuak baliogabetu ditu. Oiartzunek San Markosi egin beharreko ekarpen ekonomikoa udal bakoitzak jasotzen dituen zerbitzuen arabera ordaintzeko eskatzen zuen, eta epaileek hala egin behar dela ebatzi dute.
Honela, bigarren aldiz gauza bera esan du Auzitegi Nagusiak. Aurretik Astigarraga, Hernani, Lezo, Pasaia eta Usurbilek gai honen inguruan jarritako errekurtsoan ere udal horiei arrazoia eman zien: 2014ko aurrekontuak deuseztatu eta ekarpenak banaka kalkulatu behar direla onartu zuen.
Epaileek 2014an Makomunitateko lehendakari zen Denis Itxasok (PSE) eta bere ingurukoek erabilitako argudioak desmuntatu dituzte sententzian. Itxasok-eta hartutako erabakiak atez ateko bilketa sistema zuten herriak zigortzeko izan ziren, sailka gutxien biltzen zuten -eta birziklapen tasa baxuenak dituztenak- herrietako bilketa ordainduaraziz besteoi.
Lehendakari berriari kontuak ongi egiteko eskaera
2015eko aurrekontuak ere errekurrituta daude arrazoi berarengatik, erantzunaren zain.
San Markoseko Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak oraindik ez daude onartuta. OIartzungo Udalak espero du aurten, azkenean, aurrekontuak ongi egingo direla, herri bakoitzak egin behar dituen ekarpen ekonomikoak egoki kalkulatuta, justuak izateko.
Horregatik, Mankomunitateko lehendakari den Jaime Dominguez-Macayari (EAJ) Itxasok aurreko legegintzaldian izandako jarrera alde batera utzi eta justua izateko eskatu nahi diogu. Izan ere, epaileek hartu dituzten erabakiak kontuan izango dituela pentsatzen dugu.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika