Elorsoro kiroldegian egingo dituzte saioak, astean bitan
Muittu! egitasmoa 11 ikaslerekin jarriko da martxan datorren asteartean. Proiektu pilotua prebenjaminei zuzenduta dago (LH 2. mailako ikasleak), eta Eskola Kirola egiteko aukera izan aurretik, jarduera fisiko aniztuna egiteko aukera eskainiko die.
Haurrek koordinazio ariketak, jolasak, kirol batzuetako ariketa espezifikoak... egingo dituzte, lehiarik gabe, gorputz hezkuntza eta hezkuntza arloko ikasketan dituen entrenatzaile batekin. Elorsoro kiroldegian egingo dituzte saioak, astearte eta ostegunetan.
Atzo, izena eman duten haurren gurasoekin bilera egin zuten Udaleko Kirol saileko eta Eskola Kirolako arduradunek, egitasmoari buruzko azalpen zehatzak emateko.
Muittu! egitasmoarekin, Udalak Eskola Kirola egiteko oraindik adinik ez duten haurren kirol aukerak zabaldu eta gurasoen aldetik jasotako eskaera bat bideratu nahi izan du. Egitasmo pilotuak ongi funtzionatzen badu, datorren ikasturtean kurtso osoko jarduera izango da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika