%9ko igoerak zenbait arlo indartzeko baliabideak jartzea erraztu du
2016ko aurrekontuak orekatuak eta herriaren beharrei erantzungo dizkietenak izango dira, Gobernu Taldearen iritziz. Iaztik, Oiartzungo Udalaren aurrekontua ia %9 igo da eta horrek zenbait arlo indartzeko baliabideak jartzea erraztu du.
Gobernu Taldea pozik dago diseinatu diren aurrekontuekin. Auzoetan, eragileen aldetik eta udaletxean jasotako ekarpenak, eta Gobernu Taldeak legegintzaldirako aurkeztutako herri programa kontuan hartuta osatu dira.
Eduki nagusiak
2016ko aurrekontuetan, apustu politiko eta estrukturala gizarte-ongizate arloa mantentzea eta kultura, euskara, hezkuntza eta kirol eragileak laguntzea -arlo horiek sustatzeko- izan dira. Zentzu horretan, azken bi legegintzaldietako ildoa jarraituko da.
Gastu estrukturalera bideratu behar den diru-kopurua kontuan hartuta, inbertsioetarako bi milioi € izango ditu Oiartzungo Udalak aurten. Kopuru handiena udal eraikinen mantenuan gastatuko da: Egia-enean, Arizmendi-enean, Madalensoro pilotalekuan eta Elorsoro kiroldegian.
Egiar-enea egokitzeko lanak egingo dira. Gazte Izanak-ek bertan jarraituko du, baina eraikinak ematen dituen aukerak aztertzen ari da Udala, euskalgintzako eragileek dituzten eskaerei irtenbidea emateko eta, ondorioz, ttiki geratu den Gizarte zerbitzuen espazioa birkokatzeko aukera aproposa eskaina baitezake.
Arizmendi-enean ere gutxieneko mantenu lanak egingo dira urte honetan zehar. Legegintzaldi honetako helburuetako bat izango da etorkizunean bertan zer egin nahi den proiektatzea.
Herri mantenua ere inbertsio garrantzitsua izango da: Lintziringo bidea konpontzea; ur-hoditeria sarea berritzea; bidegorriko mantenu lanak; industrialdeen biziberritzea... gauzatzeko diru erreserbak egin dira aurrekontuetan.
Auzoetara bideratutako partida ere indartu da. Aurten, 200.000 € bideratuko dira auzoen beharretara (2015ean baino 40.000 € gehiago). Legegintzaldi honetan auzoetan urtero lan ttikiak egin beharrean, legegintzaldi osoko ikuspegiarekin landuko dira, horrela, arazo handiagoak -eta aspalditik datozenak- konpontzeko aukera izango baitu Udalak.
Horiez gain, Gobernu Taldeak azpimarratu nahi ditu beste zenbait arlotarako egin diren erreserbak: etxebizitzaren inguruan partida bat sortu da, lan-ildo bat martxan jarri nahi delako gai honen inguruan. Lehenengo sektorera ere bideratuko da inbertsioen zati bat (auzolana, mendi mantenua, herribideen konponketa, baratza profesionalak.. gauzatzeko). Sektore honen inguruan etorkizunera begirako estrategiaren oinarriak zehaztu nahi dira 2016an.
Elkarrekin egindako lana
Aurrekontuak osatzeko prozesua bi hilabete baino gehiagoko lana izan da Gobernu Taldearentzat. Tarte horretan, herritarrekin (zortzi auzo batzarretan), eragileekin eta oposizioarekin konpartitu ditu Udalak 2016ko aurrekontuak, baita haien ekarpenak eta proposamenak jaso ere. Horietako asko kontuan hartu dira aurrekontu definitiboak diseinatzeko orduan.
Herritarrek auzo batzarren balorazio positiboa egin zuten bileren ondoren eta oposizioak ere eskerrak eman zizkion Gobernu Taldeari azkeneko udalbatzarrean, elkarlanerako erakutsitako borondatearengatik eta "ez direlako aurrekontu txarrak".
Oiartzungo Udalaren helburua hori izango da legegintzaldi honetan zehar: herria osatzen dugun eragile ezberdinen arteko elkarlana eta adostasuna bilatzea.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika