2016ko aurrekontuetan ia bi milioi € bideratuko dira inbertsioetara

Erraustegiaren kontrako mozioa onartu da EAJk adierazpenaren kontra bozkatu arren

Urteko azkeneko udalbatzarra izan zen atzo. Udalbatzarra osatzen duten 13 zinegotziak izan ziren bertan (EH Bilduko 9ak eta EAJko laurak).

Oiartzun Ke? taldeak Zubietako erraustegiaren kontrako mozioa aurkeztu zuen eta aurrera atera zen, EH Bilduko Gobernu Taldearen aldeko botoarekin. Eneritz Arbelaitz alkateordeak adierazi zuenez, "EH Bilduren filosofia zero zabor da: murriztu, berrarabili eta birziklatu egin behar da, ordena horretan. Udalak bilketan neurriak hartu ditzake eta horregatik, 2010etik Oiartzunek efizienteki gaika biltzen du. %80tik gorako sailkapen datuak ditugu: harro egoteko moduko emaitzak. Hala ere, beti moldatzen eta hobetzen joateko konpromisoa dugu".

EAJk kontrako botoa eman zuen. Oposizioko taldearen izenean Yon Goikoetxeak hartu zuen hitza: "Ezaguna da gure alderdiaren postura erraustegiaren alde, beraz, gure alderdiarekin bat egingo dugu".

Oiartzun Ke?ren izenean Kepa Olaizek hitz egin zuen, eta batez ere EAJko zinegotziei zuzendu zitzaien. Gogora ekarri zuen duela urte batzuk Txingudiko eta Urnietako erraustegien proiektuen kontra agertu zirenak alderdi horretako kideak izan zirela, "beraz, ez du balio nire alderdiak dio horrek...". Hala ere, "denon diskurtsoa birziklapenaren aldekoa baldin bada, zergatik ez dugu egiten bide hori elkarrekin? Goazen indarrak jartzera hor, erakutsi dugu gai garela gauzak ongi egiteko".

2016ko aurrekontuan, EAJ abstenitu

2016ko aurrekontuak ere onartu ziren atzo, EH Bilduren aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioarekin.

Jexux Leonet alkateak azaldu zituen aurrekontuen prozesua eta ildo nagusiak. "Zortzi auzo batzar egin ditugu herritarren ekarpenak jasotzeko, eragileekin egon gara eta oposizioarekin ere bai. Egin dituzten ekarpen asko kontuan hartu ditugu". Gastu estrukturalaz gain, Gizarte-Ongizate arloari eta euskara, kultura eta kirol arloetako eragileei garrantzia eman zaie, "azken urteetan bezala". Inbertsioetarako bi milioi euro eskas izango ditu Oiartzungo Udalak eta udal eraikinen egoera hobetzera bideratuko da hein handian. "Jasotako ekarpenak eta herri programa uztartuz, aurrekontu orekatuak direla uste dugu".

EAJ abstenitu egin zen. Rafael Bergaretxek azaldu zuenez, "kontziente gara Udala baldintza batzuetatik abiatzen dela. Baloratzen dugu Gobernu Taldeak negoziatzeko erakutsi duen jarrera positiboa: denbora izan dugu aurrekontuak aztertzeko, entzun zaigu, neurri batean adostasunera iritsi gara". Bergaretxek adierazi zuenez, jeltzaleentzako "ez dira aurrekontu txarrak, baina guk jarritako minimoak ez ditu betetzen erabat".

391 € protokolo gastuetan

Gainerako gaiak ahobatez onartu ziren eta abenduko protokolo gastuen berri ere eman zen: 391,83 euro gastatu dira lore, bidaia eta jardunaldietan.

Bide batez, Udalak gogora ekarri nahi du www.oiartzun.eus atari berrituan UDALA-Osoko Bilkurak atalean udalbatzarreko gai-zerrenda eguneratuak topatuko dituztela herritarrek aurrerantzean.