3.800 erregistro baino gehiago ditu bildumak
Eugenio Arotzenaren antzerki bilduma herritarre eta, bereziki, ikertzaileen esku ipintzea xede, Oiartzungo Udalak dohaintzan eman dio Euskaltzaindiari.
Arotzenaren bildumak euskarazko antzerkia eta antzerki unibertsalari buruzko 2.800 erregistro baino gehiago ditu eta liburu, aldizkari, artikulu, kartel edota argazkiak biltzen ditu.
Dohaintza egiteko hitzarmena sinatu dute gaur bi erakundeetako ordezkariek. Oiartzungo Udalaren aldetik, Jexux Leonet alkateak eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak parte hartu dute ekitaldian. Euskaltzaindia, aldiz, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Erramun Osa idazkariordeak ordezkatu dute.
Eugenio Arotzenari bere antzerki-bilduma erosi ondoren, 2005eko urrutik da Udalaren jabetzakoa funts hau. Bildumaren tamaina eta ezaugarriak kontuan hartuta, egoki kudeatzeko gaitasuna duen erakunde baten eskuetan uztea erabaki du Udalak.
Dohaintzaren bidez, antzerki-artxibo horri erabilera publikoa eman nahi dio Udalak, herritarren eta ikertzaileen eskura jarriz, euskal antzerkigintzaren hedapenean eragiteko. Hitzarmenak jasotzen duen legez, "bilduma herritarren eta ikertzaileen esku ipintzeaz hauxe ulertu behar da: funts horiekiko erreferentzia bibliografiko edo artxibistikoak katalogo estandarretan integratzea, erabiltzaileek horien bidez eskuratu ahal izan dezaten". Horretarako gaitasuna duen erakundea da Euskaltzaindia.
Datozen bi urteetan, Euskaltzaindiak Arotzenaren bilduma katalogatuko du eta, batez ere, komunitate zientifikoaren esku jarriko du materiala.
Eugenio Arozenaren ibilbidea antzerkigintzan
Eugenio Arozena Egimendia Oiartzungo Altzibar auzoan jaio zen 1940an. Bere harremana antzerki munduarekin Lartaunen bidez hasi zen, 60ko hamarkadan. Oiarztungo gazte mordoxka bat (Arozena bera, Xabier Lete, Iñaki Arbelaitz...) elkartu ziren talde hartan, baina hamarkadaren bukaeran, Espainiako Gobernuaren eszepzio egoerengatik mugimendua desegin zen.
1970ean Intxixu Taldea sortu zuten Oiartzunen Arozenak eta beste zenbait gaztek. Antzerkiaren munduan esperimentatzea zen taldearen helburua, obra berriak bilatzea eta sortzea. 1971n hasi zen Arozena antzerki-obrak biltzen, "satisfakzio pertsonalerako". Bere bilduma izango zena abiatzen ari zen.
70eko hamarkada bukaeran, Arozena Eusko Jaurlaritzaren Antzerti fundazioko zuzendari lanetan hasi zen. Erretiratu arte izan zuen ardura hori.
Gaur egun, elizaren eragina euskal antzerkigintzan (II. Errepublika aurretik 60ko hamarkada arte) aztertzen ari da eta antzerki-obretako ikus-entzunezko irudiak bilatzen -batez ere, frankismo garaikoak-.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika