Ispilu orrazien banaketa Euskaraz ederrago! kanpainarekin bukatzeko

Euskararen erabilerari bultzada emateko hainbat ekintza egin ditugu aurten Oiartzungo 15 ile-apaindegietan. Urtearekin batera kanpaina hau ere bukatuko da, eta ekimen honetako azken ekintza ispilu-orrazien banaketa izango da. Kanpainan parte hartu duten ile-apaindegiak euren bezeroei ispilu-orraziak banatzen ari dira egunotan, euskararekiko eta establezimendu horiekiko duten jarrera saritu nahian.
Eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek gauzatu dute “Euskaraz ederrago!” kanpaina, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen laguntzaz, lau herrietako ile-apaindegietan. Guztira 100 bat ile-apaindegik parte hartu dute. Urtean zehar ekimen desberdin asko egin ditugu: ile-apaindegietarako material berezia atera dugu, bezeroekin zozketa egin dugu, eta orain, ispilu-orrazia oparituz amaituko dugu kanpaina. Lerro hauen bidez, ile-apaindegietako bezeroak establezimendu horietan euskaraz eskatzera eta euskaraz hitz egitera animatu nahi ditugu. Euskara ile-apaindegietako ohiko hizkuntza izan dadin. Azken batean, Euskaraz ederrago baikara denok ere. Begiratu bestela ispiluari.
Oiartzunen Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunetik gauzatzen dugu merkataritzako egitasmoa Udalarekin dugun Hitzarmenaren bitartez. Hitzarmen horri esker merkatari eta ostalariek hainbat zerbitzu dituzte dohainik urte osoan. Azken urteetan, horretaz gain, urtero sektore batean jartzen dugu indar berezia: harategiak, taberna eta jatetxeak, okindegiak, arraindegiak, eta barazki eta fruta dendak landu ditugu orain arte, eta aurten ile-apaindegien sektorea aukeratu dugu. Oiartzunen 15 ile-apaindegi daude, eta guztiek parte hartu dute kanpainan.

Gehigarriak

Ispilu orrazien banaketa Euskaraz ederrago! kanpainarekin bukatzeko