Arditurriko txondorraren ikatza larunbatean aterako da

Lur Korta ipuin-kontalariak eta Olentzeroren Laguntzaileek hartuko dute parte 

Txondorrari darion kea iluntzen denean ikatza ateratzeko prest dagoela esan nahi du. 29 egunez piztuta egon ondoren, larunbatean, abenduaren 19an, ikatza aterako da Arditurriko txondorretik, Aiako Harria Natura Parkean. Laugarren urtez piztu da Arditurriko txondorra, ikazkinen lana ezagutzera emateko helburuarekin. Oiartzungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Parketxe Sarea izan dira ekimen arrakastatsu honen antolatzaileak.

Txondorra piztuta egon den egunetan, 700 ikasle baino gehiago pasa dira txondorra ikustera Arditurriko Parketxeak eskaini dituen bisita gidatu berezietan parte hartuz. Ikasleez gain, milaka pertsona hurbildu dira ere ikazkinen lana ezagutu asmoz. Ikusmira handia sortzen baitu txondorrak eta beti hurbitzen dira bai oinez, txirrindaz edota autoan ere.

Ikatza festa giroan aterako dute hilaren 19an Olentzeroren laguntzaileek

Ikatza abenduaren 19an aterako da jai giroan. Izan ere egun berezi honetarako aurkezle berezi baten partaidetza izango dugu, Lur Korta oiartzuarra hain zuzen ere. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera eta Arditurriko aparkalekutik abiatuta, kalejira egongo da. Arratsaldeko 18:00tatik aurrera, ipuin kontaketa baten bidez, Lur Kortak, ikazkinen eta Olentzeroren lanbide honetan murgiltzeko aukera emango digu. Ondoren, Olentzeroren Laguntzaileak jaitsiko dira menditik, ikatza ateratzera. Gainera, haurrek nahi izanez gero, Olentzerori zuzendutako gutunak ekar ditzakete, bertan berari zuzendutako postontzia izango da eta.

Azaroaren 21ean txondorra piztu zenetik, txondorrari buruzko bideo-emanaldiak eta argazki erakusketa egon dira ikusgai, eta egun berezi honetan ere aukera izango da, 17:30tatik 18tara ikus-entzunezko hauek ikusteko.

Arditurriko txondorretik ateratzen den ikatza Olentzeroren Laguntzaileek Oiartzungo plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian. Gutxi gora-behera, hasieran txondorra kargatzean erabilitako 12.000 kg egurretik, 3 tona ikatz aterako dira.
EGITARAUA
Abenduak 19 larunbata
- 17:30 Kalejira Arditurriko aparkalekutik abiatuta.

- 17:30-18:00 Bideo emanaldia eta haurrrek Olentzerori idatzitako gutuna botatzeko postontzia jarriko da.

- 18:00 Agurra, ipuin kontaketa eta Olentzeroren Laguntzaileak jaitsiko dira menditik ikatza ateratzeko.

Abenduaren 19ra:
- Txondorra piztuta. Ikus-entzunezkoak. “Txondorra egunez egun” argazki erakusketa.
- Bisita gidatuak taldeekin (ordua aldez aurretik erreserbatuta).
- Txondorraren bideo emanaldia.

Informazio gehiago:

Arditurriko Parketxea
943 494521/943 495069
arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

Gehigarriak

Arditurriko txondorraren ikatza larunbatean aterako da