Biolentzia matxista jasan duten emakumeentzako autolaguntza

Azaroaren 4tik h asita, asteazkenero elkartuko dira Errenteriako Merkatuzarren

Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako Udalek elkarlanean, biolentzia matxista jasan duten emakumeentzako autolaguntza tailerra antolatu dute. Aste honetah (azaroaren 4an) hasi eta ekaina bitarte, asteazkenero elkartuko dira Errenteriako Merkatuzar eraikinean, 17:30etik 19:30era.

Bertan parte hartu nahi duten emakumeen ez dute izena eman beharrik; bertaratu baino ez dute egin behar. Oarsoaldeko Udalek jakinarazi dutenez, haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute. Zerbitzu hori behar duten emakumeen hiru egun lehenago eskatu behar dute telefono zenbaki honetara deituz: 943 49 05 52.

"Biolentzia matxistei biziraun dieten emakumeei autolaguntza gunea" biolentzia jasaten duten emakumeekin lotura komunitarioak eta kolektiboak sortzeko egitasmoa da: 2011n Garaipen elkarteak abian jarri eta gero SORBURU Kooperatibak lantzen jarraitu duena. Egitasmo honen helburua biolentzia matxista jasan eta biziraun duten emakumeentzat autolaguntza gune bat irekitzea da eta horrela, biolentzia matxistarik gabeko gorputz eta lurralde libreak sortzen laguntzea.

Biolentzia kasuetan isiltasuna oso barneratua dago eta gune honetan emakumeek isiltasunetik ateratzeko gune seguru bat aurkitzen dute: segurua, erosoa, sartzen erraza eta doakoa. Taldea konfidentziala izango da eta bilerak bi ordukoak izango dira.

Egitasmo honek biolentzia matxistatzat hartuko ditu, besteak beste: maitasun eta afektibotasun harremanetako biolentzia, enpleguetan eragindako eta ezezagunek egindako biolentzia, eta gizartean ematen diren lesfobia, transfobia, sexfobia eta sexu bereko bikoteetan ematen diren biolentziak. Autolaguntza gune honetan, egoera hau bizi duten emakumeek gako askatzaileak ezagutuko dituzte eta biolentziarekin dituzten arazoak konpontzera bultzatuko zaie. Baina talde gehienek egiten dutenaren kontrara, ez da terapeutikoa izango; ez da biolentzia ikuspegi patriarkal batera mugatuko.