2015eko lehentasunen errepasoa, 2016ko aurrekontuen azalpena eta auzoetan garatzeko egitasmoak bilduko dira
Datorren asteartean (azaroak 3) hasita, 16a arte gauzatuko da auzoetako erronda, herritarren parte-hartzeari garrantzia emanez.
2015/2019 legegintzaldia hasi denetik, lehendabiziko aldia izango da GobernU Taldea auzo guztietara hurbilduko dena.
Bileretan hiru gai landuko dira. Batetik, 2015ean gauzatzeko auzo bakoitzak markatutako lehentasunen egoeraren berri emango du Udalak zuzenean.
Bestetik, 2016ko aurrekontuei buruzko azalpen orokorra emango da. Zehaztasun gehien inbertsioen atalak hartuko du. Honeal, Udalak eskuartean dituen egitasmo potoloak azalduko dira.
Azkenik, datozen lau urteetako perspektiba kontuan hartuta, auzo bakoitzean egin beharreko hobekuntzak eta beharrak zerrendatuko dira. Legealdiko ikuspegia izango duten proiektuak garatu nahi dira auzo bakoitzean. Inbertsioak lau urtean zehar bideratzea izango da, beraz, Oiartzungo Udalaren filosofia. Hau hala bada ere, Udalak urtero auzotarrekin biltzeko konpromisoari eutsiko di.
Auzoetako zinegotzi arduradunak
Auzo bakoitzeko batzarrera hiru zinegotzi bertaratuko dira; horietako bat, auzoaren ardura izango duena.
Zinegotzi hauen ardura izango da auzoetan egindako eskaeren jarraipena egitea Udal barrua, eta auzotarrekin gai horien inguruan Udalarekiko lotura izatea.
AUZO BATZARREN EGUTEGIA:
Altzibar: Azaroak 11, asteazkena, eskoletan. Zinegotzi arduraduna: Eneritz Arbelaitz.
Arragua: Azaroak 3, asteartea, elizako lokalean. Zinegotzi arduraduna: Juan Inazio Ansa.
Elizalde: Azaroak 12, osteguna, Manuel Lekuona bibliotekan. Zinegotzi arduraduna: Iñaki Pikabea.
Ergoien: Azaroak 9, astelehena, Auzokalte Elkartean. Zinegotzi arduraduna: Domi Azpiroz.
Gurutze: Azaroak 16, astelehena, Bizardia Elkartean. Zinegotzi arduraduna: Josune Cousillas.
Iturriotz: Azaroak 4, asteazkena, auzo lokalean. Zinegotzi arduraduna: Agurtzane Lekuona.
Karrika: Azaroak 5, osteguna, Artaso Elkartean. Zinegotzi arduraduna: Enekoitz Markos.
Ugaldetxo: Azaroak 10, asteartea, Atamitxen. Zinegotzi arduraduna: Ioritz Aizpuru.
Bilera guztiak 19:30ean izango dira.
Elkar hartzen, legegintzaldiko egitasmoa
Oiartzungo Udalak Elkar hartzen leloarekin eta horretarako propio sortu duen irudiarekin legegintzaldi honetan planteatuko diren parte-hartze egitasmo guztiak bilduko ditu.
Herritarren parte-hartzea Gobernu Taldearen lanmoldearen oinarrietako bat da. Horregatik, egoki ikusi da herritarrek parte-hartzearekin erraz identifikatuko duten irudi bat sortzea.
Elkar hartzen izenak berak Udalak eta herritarrek bidea elkarrekin urratu behar dutela adierazten du. Bigarren zentzu batean, Oiartzungo hizkeran esamolde horrek adostu kontzeptua ere adierazten du. Honela, irudi eta lelo honek erreferentzia bihurtu nahi du, parte-hartzea bera erreferentziazkoa izatea nahi baitugu, oiartzuarrek parte hartzeko egitasmo baten aurrean daudela jakin dezaten.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika