Eskalada Eskola, azaroan martxan

Datorren astean izango da izen-ematea Elorsoro kiroldegian

Eskalada Eskola berriz martxan jarriko da. Azaroaren 2an hasiko da eskolaren lehenengo txanda, otsaila arte (ondoren, bigarren txanda hasiko da). Lehenengo txandarako izena emateko epea datorren astea izango da, hilaren 26tik 30era, Elorsoro kiroldegiko harreran.

Osatuko diren taldeak txikiak izango dira: gutxienez 6 lagun eta gehienez, zortzikoak. Hiru adin-tarteri egokitutako eskaintza luzatu da aurten, eskaera aintzat hartuta: Haurrak (6-12 urte), Nerabeak (13-17 urte) eta Helduak (18 urtez goiti). Nerabeen kasuan, hastapen maila eta maila aurreratua eskainiko dira.

Izena ematen dutenentzako aurkezpen bilera hilaren 30ean (ostirala) izango da Elorsoroko rokodromoan, 18:00etan.

Udalaren, Girizia Mendi Taldearen eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren arteko elkarlanari esker jarri da martxan egitasmoa, iazko proiektu pilotuaren arrakasta positiboki baloratu ondoren.