Kuadrillategik bi talde izango ditu ikasturte honetan

154 ikaslek izena eman dute euskarazko ohiturak sustatzeko egitasmoan

Kuadrillategin DBH 1 eta 2. mailako 154 ikaslek eman dute izena. Aisialdiko hizkuntza euskara izan dadin ohitura hartzea da egitasmoaren helburua, eta gaztetxoek eurek proposatzea eta aktiboki parte hartzea antolatzen dituzten ekintzetan.

Aurtengoan Oiartzungo Kuadrillategin izena eman duen gaztetxo kopuru handia kontuan hartuta, bi talde osatu dira, egitasmoaren helburuak bete ahal izateko. Honela, ostiralero DBH 1. mailakoak 17etatik 19etara elkartuko dira Landetxeko lokalean eta DBH 2. mailakoak, 19:30etik 21:30era.

Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko sei begirale arduratuko dira bi taldeak dinamizatzeaz: Alazne Etxeberria, Itsaso Markos, Aiora Mendiburu, Aitzol Mendiburu, Irati Odriozola eta Unai Odriozola. 

Joan den ostiralean elkar ezagutzeko merendola egin zuten. Aste honetatik aurrera, saio arruntak hasiko dira.