EAEko 78 ikastetxeren inguruak aztertu dira eta %5ak errespetatzen du Osasun Mundu Erakundearen gomendioa.
Ekologistak Martxan erakundeak argitara eman berri ditu “Airearen kalitatea eskola inguruetan” azterketaren aurtengo emaitzak: EAEko zazpi udalerritako 78 ikastetxetan neurtu dute NO2 (nitrogeno dioxidoa) kutsadura-maila, eta %5ak soilik errespetatzen du Osasunaren Mundu Erakundearen langa osasungarria. %5 horretan daude Oiartzungo hiru ikastetxeak: Urmendi haur eskola, Haurtzaro ikastola eta Elizalde herri eskola.
Aurtengo NO2 neurketak egin diren EAEko zazpi udalerriak Gasteiz, Bilbo, Barakaldo, Erandio, Donostia, Errenteria eta Oiartzun dira. Ekologistak Martxan erakundeak Espainia mailako azterketa egiten du. Aurten 412 ikastetxe-inguru aztertu ditu Espainian eta horietatik ere %5ak errespetatzen du Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa.
Ekologistak Martxan taldearen azterketak ondorioztatzen du trafiko kopuruak harreman zuzena duela airearen kalitatearekin. Oiartzungo azterketaren kasuan, ondorengoak aipatzen ditu. m2ko biztanle-dentsitate txikia duen udalerria da. Ez du inguruko herri jendetsuagoen bezainbesteko jarraikortasun urbanistikorik eta, beraz, trafikoa, orokorrean, txikia da. Talde ekologistaren azterketak dio, momentu jakin gutxi batzuetan izan ezik, ibilgailu gutxi pasatzen direla Oiartzungo ikastetxeen ingurutik. Begetazio askoko espazio eta inguru oso zabalean daude eraikinak, gutxi humanizatutako haran baten ondoan. Urbanizazio berri bat eraikiko da herriko hiru ikastetxeak dauden eremuan eta Ekologistak Martxan taldeak hori garraio jasangarria kontuan hartuz egin behar dela adierazten du.
Urmendi haur eskola, Tolarieta eta Mendibil arteko eremuan Elizaldeko auzogune berria garatuko da datozen urteetan. Oiartzungo erdialdea zabaldu egingo da eta erabilera publikorako espazio berriak, ekipamenduak, berdegune zabalak eta 200 etxebizitza eraikiko dira, gehienak babestuak. Herriaren garapenean nabarmen eragingo duen eremua da eta “jasangarritasuna modu zabalenean zainduko duen hirigintza egiteko toki estrategikoa da: elkartzeko gunea izango dena, mugikortasun aktiboa bermatuko duena, kaleko bizitza sustatuko duena eta genero-ikuspegia txertatuko duena” esan du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. Partaidetza prozesu bat egin zen orain justu urtebete herriaren beharretara ahal hainbat egokituko den proiektua ontzeko. Parte-hartze prozesuari esker, sustatzailearen hasierako proposamena nabarmen hobetzea lortu zela gogoratu du alkateak.
Noiz da airea garbia eta osasungarria?
NO2aren kasuan, Europako Batasunak metro kubo bakoitzeko 40 mikrogramoko gehienezko muga ezartzen du, baina 2024an direktiba berria onartu zuten Europako Parlamentuak eta Kontseiluak langa hori erdira murrizteko. Lege horren transposizioa ez da egin oraindik, 2026ko abendura arteko epea baitute estatu kideek hori egiteko. Kutsadura muga horretan (20 mikrogramo metro kuboko) mantentzeko beharra 2030eko urtarrilaren lehenean jarriko da indarrean. Horiek horrela izanik ere, Osasunaren Mundu Erakundeak 2021ean emandako gomendioaren arabera, airea osasungarria dela esateko metro kuboko 10 mikrogramotik behera egon behar du NO2ak. Hau da, egungo legediaren laurdenean eta legedi berriaren erdian.
Aurten EAEn aztertu diren 78 ikastetxeetako bat dago metro kuboko 40 mikrogramotik gora. 40-20 mikrogramo artean (egungo Europako araudiaren eta etorkizunean indarrean izango denaren artean) ikastetxeen %65a dago. 20 mikrogramotik behera (etorkizuneko Europako legediaren mailan) ia %30a dago eta 10 mikrogramotik behera (Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa betez), gorago esan bezala, %5a.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika