Udala Hezkuntza Sailarekin lanean hasi da Urmendi haur eskola Haurreskolak Partzuergoan integratzeko

Haurreskolak Partzuergoak ezezkoa eman dio bera Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzeko udalak egindako proposamenari.

Udala Hezkuntza Sailarekin lanean hasi da Urmendi haur eskolako 0-2 urte etapa Haurreskolak Partzuergoan sartzeko. Gaur egin da lehen lan-bilera eraikinak ezagutu eta aztertu, eta integraziorako gai eta lan administratibo nagusiez jarduteko. “Erakunde publiko bati dagokion erantzukizun eta ardura instituzionaletik eta Urmendiren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko helburuz, konfiantzan egin nahi du udalak prozesua Haurreskolak Partzuergoarekin; eta lehen bileran elkarlanerako borondatea erakutsi dute bi erakundeek. Bestalde, Urmendiko langile zein familiei ahalik eta arretarik handiena eta zuzenena eskaini nahi die udalak prozesu honetan”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. “Datozen hilabeteetan gogor egin beharko dugu lan, eta prozesu konplexua izatea aurreikusten da eraikinak, langilegoa, materiala eta beste hainbat arlo landu beharko direlako.”

Haurreskolak Partzuergoak ezezkoa eman berri dio bera Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan integratzeko udalak otsailean egindako proposamenari, bere estatutuek horretarako aukerarik ez dutela ematen argudiatuta.