Oiartzungo Udaleko bi alderdiek babesa adierazi diete irakasle baten partetik sexu erasoak jaso dituzten nerabeei

Gipuzkoako epaitegian egin berri den epaiketaren testuinguruan kokatzen da adierazpen instituzionala

Aste honetan bertan, hainbat ikastetxetan (tartean Oiartzungo ikastetxe batean) irakasle batek nerabeekin izandako jokamoldeak epaituak izan dira.

Horren aurrean, Oiartzungo Udaleko bi alderdiek zera adierazten dute:

  • Jokamolde horiek guztiz gaitzesgarriak eta onartezinak dira. Ikasleen eta epaiketan parte hartzen ari diren gainontzeko parteen lekukotzek erabateko sinesgarritasuna dute.
     
  • Irakaslearen jokamoldeengatik kaltetuak edo erasotuak sentitu diren nerabe oiartzuarrei babes osoa adierazten die Oiartzungo Udalak. Datozen asteetan erreparaziorako bidea landuko du udalak berdintasun sailetik. Hala nahi edota behar duen pertsona orok jo dezake udaleko gizarte zerbitzuetara, berdintasun sailera edota herriko asanblada feministara babes eta aholkularitza juridiko, sozial eta psikologiko bila.
     
  • Idatzi honen bidez herriko asanblada feministak azken hilabeteetan gai honen inguruan egindako lana eta biktimen bidelagun izateko hartutako ardura eta ausardia ere eskertzen ditu udalak.
     
  • Mota honetako gertaerak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxisten eta genero desorekaren isla arbuiagarriak dira. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, eragileekin eta herritarrekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta pertsona guztien arteko berdintasunaren alde. Eta ezinbestekoa da baita ere, helmugara iritsi artean, arbuiagarriak diren keinu, gertaera eta eraso guztiak salatzen jarraitzea.

Gehigarriak

Oiartzungo Udaleko bi alderdiek babesa adierazi diete irakasle baten partetik sexu erasoak jaso dituzten nerabeei