Oiartzun tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin dio udalak Eusko Jaurlaritzari

Udala lantzen ari den etxebizitza plan integralaren parte da eskaera.

Oiartzungo Udala bere esku dauden eskumen guztiez baliatzen ari da etxebizitza plan integral bat diseinatzeko, desio den etorkizuneko Oiartzun irudikatu eta herritarren beharretara ahal hainbat egokituko den etxebizitza plan integrala diseinatzeko, hain zuzen ere.

Etxebizitza plan integral horren erpinetako bat da tentsio handiko eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari egindako eskaera, jada martxan diren edo jarriko diren beste hainbat neurriren artean bat gehiago. “Ez da erabaki isolatu bat, plan oso baten parte da”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. “Udalak denbora luzea darama etxebizitzaren gaia lantzen, estrategia bat trazatzen, eta erabakiak eta neurriak hartzen. Begirada berarekin jarraituko da lanean hemendik aurrera ere”, gehitu du alkateak.

2026ko otsaileko osoko bilkuran onartu da aho batez Eusko Jaurlaritzari Oiartzun tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egitea.

Sei erpineko etxebizitza plan integrala

Oiartzungo Udalaren etxebizitza politikaren oinarriak dira “espekulazioari trabak jartzea, herritar zaurgarrienak babestea, egitura eta antolaketa urbanistikoa jasangarria izatea, eta etxebizitza bizileku gisa lehenestea” laburbildu du alkateak. Ondorengoak dira etxebizitza plan integralaren sei erpinak:

  • Etxebizitza hutsen inbentarioa: Udala lanean ari da. Helburua da egoeraren diagnostikoa egitea, etxejabeen artean alokairua sustatzea eta, hori eginda, hutsik geratzen direnei ondasun higiezinen gaineko zergan (IBIan) gainkargua aplikatzea.
  • Bizigune eta ASAP programak: Etxebizitza hutsak Bizigune edo ASAP programen bidez alokairuan jartzen dituzten etxejabeek %50eko hobaria dute ondasun higiezinen gaineko zergan. Horrez gain, programa horiek euren etxeak baldintza honetan alokatzea bermatzen diete etxejabeei.
  • Etxebizitza tasatuen salerosketaren eskumena eta kontrola: Udalarena da etxebizitza tasatu berri zein bigarren eskukoen salerosketaren eskumena. Saltzaile zein erosleek udalaren bitartez egin behar dituzte tramiteak. Helburua etxebizitza tasatuak legez dagokien prezioan saltzea bermatzea da.
  • Eredu guztietako etxebizitzak promozio berrietan: herrian egingo diren promozio berrietan eredu guztietako etxeak egongo dira: alokairu sozialekoak, babes ofizialekoak, tasatuak eta libreak. Horrez gain, promozio berri horien proiektuak garatzeko parte-hartze prozesuak egin dira auzotarrekin.
  • Etxebizitza eta establezimenduei erabilera turistikoa emateko baldintzak: Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko hala dagokion ordenantza aldatu da erabilera turistikorako etxebizitza eta establezimenduak mugatzeko.
  • Tentsio handiko eremu izendapena: gorago esan bezala, eskaera egin zaio Eusko Jaurlaritzari. Erantzunaren zain geratuko da udala.

Gehigarriak

Oiartzun tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin dio udalak Eusko Jaurlaritzari