Oarsoaldearen turismo marka berria aurkeztu da Arizmendienean

"heMen, Oarsoaldea" da proposamena, eskualdeko turismo eredu jasangarri eta kalitatezkora egokitutako kontakizuna.

Oarsoaldeako Garapen Agentziak eskualdeko turismo-marka berria aurkeztu zuen atzo: "heMen, Oarsoaldea". Oiartzungo Arizmendienean egin zen ekitaldia eta bertan izan ziren Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udaletako ordezkariak zein turismo eragile eta enpresak.

Turismo-marka berria prozesu partekatu baten emaitza da, eskualdearen nortasuna, balioak eta etorkizuneko ikuspegi bateratua islatu nahi dituena. Helburua da marka eta kontakizun berri hau guztiona egitea eta aurrerantzean turismo-komunikazioan modu koherente eta bateratuan erabiltzea.

Oarsoaldeko turismoaren ardatzak: itsas ondarea, natura eta kultura bizia

2024an eskualdeko turismoaren marketin plana landu zen, eta bertan zehaztu ziren Oarsoaldearen posizionamendu turistikoa gidatzen duten hiru ardatz nagusiak: itsas ondarea, natura eta kultura bizia. Ardatz horiek kontakizun bateratu batean txertatzeko komunikazio plan baten beharra identifikatu zen, eta horren sintesia eta emaitza da "heMen, Oarsoaldea".

Eskualdeko turismo eredura egokitutako kontakizuna da. Oarsoaldeak turismo jasangarri eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du, herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatuko duena, eta hizkuntza, kultura, ondarea eta ingurunea errespetatuko dituena. Kontakizun berriak eredu horrekin bat egin nahi du, eskualdearen benetakotasuna, aniztasuna, ondarea, natura eta komunitatea oinarri hartuta.

Sortu den errelato berria bost ardatzetan oinarritzen da:

  • Lekuak eta jendea: kaleak, auzoak, baserriak, fabrikak eta itsasontziak
  • Sormena eta kultura: jaialdiak, dantza, arte eszenikoak, bertsolaritza, museoak, festak eta musika
  • Ondarea: historia, memoria historikoa, industria, portua eta euskara, ondare bizi gisa
  • Jasangarritasuna eta natura: naturguneak, bide berdea
  • Komunitatea eta parte-hartzea: aniztasuna, herrigintza, emakumeen lana eta eskualde bizia

Oarsoaldearen kokapen geografikoak aukera eta erronka bat dakar: bisitari askok eskualdea zeharkatzen dute eta helburua da bisitariek Oarsoaldearen balioa ere ezagutzea, postal polit batetik haratago. “Hemen bizia dago, kontrastea eta errealitatea. Hemen, gu gara; eta hemen, gu gaude”, azpimarratu dute sustatzaileek.

Ikusi Oarsoaldea Turismoaren sustapen bideo berria.

Gehigarriak

Oarsoaldearen turismo marka berria aurkeztu da Arizmendienean