Oiartzungo Udalak Hezkuntza Sailari Urmendi haur-eskola partzuergoko kide izateko proposamena egin dio

Jaurlaritzak udalari Haurrreskolak Partzuergoan integratzeko egindako eskaintzaren ondotik dator herri proposamena.

2024ko azaroan Hezkuntza Sailak ahoz jakinarazi zuen udal haur-eskolei ordura arte egin izan dien ekarpena 2025-2026 ikasturterako bertan behera utziko zuela, eta udal haur-eskolei Hezkuntza Sailaren Haurreskolak Partzuergoan sartzeko gonbidapena luzatu zien. Ondoren, herri bakoitzak bere ibilbide eta gogoetak egin ahal izateko urtebeteko moratoria eskatu eta onartu zen.

Zerbitzuak udal aurrekontuan duen eragina ikusirik, Oiartzungo Udalak ondorioztatzen du Hezkuntza Sailaren babesik gabe ezinezkoa zaiola Urmendi partzuergoaren egiturari bere horretan eustea. Duela 30 urte sortu zen Urmendi, Jaurlaritzaren Haurreskolak Partzuergoa bera baino lehen. Horren aurrean, alkateak azpimarratu duenez “Urmendi, haur-eskola batetik haratago herri proiektu errotua, erreferentea eta aitzindaria denaren jakitun eta ardura horretatik”, proposamen bat mamitu eta lankidetzarako jardunbide zehatza helarazi dio Oiartzungo Udalak Hezkuntza Sailari: “oinarri juridiko, laboral eta sozial sendoko proposamena, berritzailea, etorkizuneko ikuspegiduna da, Oiartzunentzat eta oiartzuarrentzat aukerarik onena dena alderdi pedagogikotik, kohesio sozialetik eta autonomia lokalaren begiradatik”, udalaren ustez.

Halaxe dio proposamenak, zehazki: “2026ko otsailean Oiartzungo Udalak Hezkuntza Sailari proposatzen dio 2026-2027 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoa Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoan sartzea. Oiartzungo herriak 30 urtean garatutako proiektu aitzindari hau garai berrietara eraldatzeko, bakoitzak bere arduratik erantzunez eta aukera paregabe hau baliatuz, Oiartzungo Udalak eskua luzatzen dio Hezkuntza Sailari kalitatezko herri hezkuntza proiektu bat elkarlanean garatzeko”. 

Udala Urmendi haur-eskolaren etorkizuna lantzen aritu da herriko hezkuntza eragile eta familiekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkie atzoko udal osoko bilkuran hitza hartu zuten herritarrei eta Urmendiko langileei. Mendiburuk bilera du Haurreskolak Partzuergoko ordezkariekin Lakuan bihar, otsailaren 27an. Eta legebiltzarkideak Urmendira etorriko dira bisitan martxoaren 10ean, proiektua bertatik bertara ezagutzera. “Udala lanean aritu da, ari da eta hala jarraituko du”, esan du alkateak.

“Urmendi 30 urteko ibilbidea duen legatua da, altxor bat. Galera bat, aurrera jarraituko ez balu. Merezi du eta eskatzen du gogoeta sakonak egitea, presa alde batera utzi eta ohiko formulen ustezko ezinbestekotasunean ez erortzea. Eta horretarako, denboraz gain, ezagutza eta borondatea behar dira”. Urmendiren gaia landu zen atzoko osoko bilkura jendetsuaren ostean, “entzun ditugu Urmendiko langileak, familiak eta herritarrak; badakigu zein diren eskariak. EAJri eskatzen diogu udal gobernu taldeak egindako proposamena sakon aztertzea eta gonbidatzen dugu Oiartzunen hain babes handia duen herri proiektuak aurrera egiteko pausoak elkarlanean ematera”, bukatu du alkateak.

Ikusi Oiartzungo Udalak Hezkuntza Sailari helarazi dion “Oiartzungo Udal Haur Eskola Partzuergoa: bertako kide izateko proposamena Haurreskolak Partzuergoari” txostena