Bilboko erailketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

34 urteko emakume bat erail du 47ko bikotekide ohiak Bilbon. Etxean labanaz zauritu du emakumea erasotzaileak 4 eta 6 urteko seme-alaben aurrean, eta eragindako zauri larrien ondorioz ospitalean zendu da. Biktima Ertzaintzaren babespean zen.

Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen zazpigarren emakumea da; eta 2003. urtetik, estatistika ofizialak daudenetik, 138 emakume eta 13 haur hil ditu indarkeria matxistak.

Oiartzungo Udala osatzen duten bi alderdi politikoek gogor gaitzetsi eta salatu nahi dute Bilbon gertatutakoa. Adierazi dute, pasa berri den azaroaren 25eko kanpaina gogora ekarrita, “hau ez da emakumeen arazoa soilik, gizonena ere bada; gizarte osoaren arazoa da eta guztioi dagokigu arazo honi aurre egitea”. Udal ordezkarien hitzetan, "emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina".

Oiartzungo Udalak gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du. Azaroaren 25eko aurtengo adierazpen instituzionalean adierazi bezala, “udaleko bi alderdietako ordezkariok konpromisoa hartzen dugu prebentzioa, arreta eta erantzun egokiak eskaintzeko baliabideak areagotzen eta berdintasun-politikak indartzen jarraitzeko”.

Amaitzeko, Oiartzungo Udalak jakinarazi du herriko Feministen Asanbladak deitutako mobilizazioetan parte hartuko duela, eta gauza bera egitera gonbidatu nahi ditu oiartzuar guztiak ere. Indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarrita dago udaletxeko balkoian.

Gehigarriak

Bilboko erailketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak