Etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketa apirilean egingo da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalaren etxebizitza plan integralaren parte da etxebizitza tasatuen kudeaketa eta salerosketa, eta badu berezitasun bat: aurrerantzean, etxebizitza berrien salerosketa ez ezik, bigarren eskukoena ere udalak kudeatuko du. Neurri horrekin etxebizitza tasatu guztiak legez dagokien prezioan saltzea bermatu nahi da, eta horretarako, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, udalak bere egin du eroslea izendatzeko eskumena ere.

 

NOLA EMAN DAITEKE IZENA ESKATZAILEEN ERREGISTROAN?


HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan, egoitza elektronikotik edo inprimaki hau betez egin daiteke. Interesatu bakoitzak bertan zehaztu beharko du zein ezaugarritako etxebizitza interesatzen zaion, besteak beste, logela-kopurua eta auzoa adieraziz.

Urte osoan dago zabalik etxebizitza tasatu berri zein bigarren eskukoen erregistroan izena emateko aukera. Apirileko zozketan parte hartu nahi dutenek martxoaren 30a baino lehen egin beharko dute.
 

NORK PARTE HARTUKO DU ZOZKETAN?


Etxebizitza tasatuen (izan berriak nahiz bigarren eskukoak) eskatzaileen udal erregistroan izena emanda egon eta beren lehentasunek (auzoak eta logela-kopuruak) zozkatuko diren etxebizitzen ezaugarriekin bat egiten dutenek hartuko dute parte zozketan.
 

ZEIN DIRA EPEAK?


  • Martxoak 30: izen-ematea. 2026ko apirilaren amaieran egingo den etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko, martxoaren 30erako eskatzaileen udal erregistroan izena emanda egon beharko da.
  • Jada izena emanda dutenek zer egin behar dute? Kasu horretan ez da berriz izena eman behar, zuzenean sartuko dira zozketan apuntatu zirenean adierazitako lehentasunekin (auzoa eta logela-kopurua) bat egiten badu. Lehentasunak aldatu nahi izanez gero, Herritarren Arreta Zerbitzura joanda edo egoitza elektronikotik egin ahal izango dute.
  • Martxoak 31: behin-behineko zerrenda. Izena emateko epea itxita, baldintzak bete eta beren lehentasunek zozkatuko diren etxebizitzen ezaugarriekin bat egiten duten eskatzaileekin behin-behineko zerrenda egingo da. Martxoaren 31n argitaratuko da oiartzun.eus webgunean.
  • Apirilak 10: alegazioak eta lehentasun aldaketak. Apirilaren 10era bitarteko epea egongo da alegazioak egiteko eta izena emanda dutenek beren lehentasunak aldatzeko.
  • Behin betiko zerrenda eta zozketa. Behin betiko zerrendaren eta zozketaren datak zehazteke daude. Aurrerago emango da horien berri.
     

ZEIN ETXEBIZITZA ZOZKATUKO DIRA?


Apirilaren amaierako zozketan bigarren eskuko etxebizitza tasatu bat zozkatuko da. Altzibarren dago, Olalde etxadian. Hiru logela, trastelekua eta garajea ditu. 280.000€ko behin behineko prezioa du (BEZik gabe).
 

HURRENGO ZOZKETAK NOIZ IZANGO DIRA?


Etxerik balego (izan berriak edo bigarren eskukoak), hurrengo zozketak uztailean eta urrian egitea aurreikusten da. Apirilekoan bezala, etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emanda egon eta beren lehentasunek zozkatuko diren etxebizitzen ezaugarriekin bat egiten dutenek hartuko dute parte.

Etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezake izena edonoiz, beti dago zabalik horretarako aukera. Etxebizitza tasatu berri edo bigarren eskuko baten eskaera egiteko baldintzak ondorengoak dira:

  • Adina: Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea.
  • Errolda: 2025eko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatuta egotea, azken hamabost urteetan bost urtez erroldatuta egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana.
  • Baldintza ekonomikoak: Bizikidetza-unitateak 15.000 euro eta 57.721,24 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak (ponderatuak) izatea (edo zozketaren urterako onarturiko kopuru eguneratuak).
  • Ondarea: Etxebizitzarik ez izatea (salbuespenak salbuespen).

Etxebizitza tasatuen (izan berriak edo bigarren eskukoak) erregistro bateratuan izena ematean, bizi nahi luketen auzoaz eta etxebizitzaren logela-kopuruaz galdetzen zaie eskatzaileei, zozketetan parte hartzeko irizpide eta filtro gisa. Lehentasun horiek hala nahi edota behar duten aldiro alda ditzakete eskatzaileek.

Gehigarriak

Etxebizitza tasatuen urteko lehen zozketa apirilean egingo da