Ia 500 ekitaldi eta 60.000 ikus-entzule Landetxen hiru urtean

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Hiru urte bete berri ditu Landetxe Kultur Aretoak: 2023ko martxoaren 10ean ireki zituen ateak. Ordutik hona ia 500 ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute 60.000 ikus-entzulek.

2023ko martxoan martxan jarriz geroztik, ekitaldi zein ikus-entzule kopuruak gora egin dute urtez urte “nabarmen”, Ekain Susperregi Ibarguren zinegotziak adierazi duenez: “%30etik gorako igoerez ari gara, hasierako urteez ari garenaren jakitun”. 110 ekitaldi egin ziren 2023an eta 165 2025ean; ikus-entzuleak, berriz, 14.700 izan ziren 2023an eta 21.200 2025ean. Hilero, batez beste, 15-20 ekitaldi antolatzen dira Landetxe Kultur Aretoan. Diziplinei dagokienez, arte eszenikoak (antzerkia, musika, dantza…) eta ikus-entzunezkoak dira nagusi, eskaintza guztiaren %80tik gora. Xede taldeari buruz esan, Landetxeko programazioaren %25a dagoela familia, haur eta gaztetxoei zuzendua.

Hileroko egitaraua osatzeko hainbat irizpide edota lehentasun hartzen dira aintzat: genero-oreka, diziplina-aniztasuna, eskaintza euskaraz izatea eta emankizunaren gaiaren gaurkotasuna. “Adin eta gustu ezberdinei zuzendutako kalitatezko euskarazko eskaintza egitea da Landetxe Kultur Aretoaren xedea”, laburbildu du Susperregik.

Bada azpimarratzeko beste ezaugarri bat: hasieratik ekitaldi gehienak herriko eragile eta elkarteek antolatzen dituzte, udalarenak gutxiago dira; eta hori hala mantendu da hiru urte hauetan. “Datu interesgarria eta harro egoteko modukoa da hori, herriko dinamiken isla baita; eta dinamika horiek osasuntsu daudenaren seinale”, azpimarratu nahi izan du Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak. Hiru urteren buruan, hasieran ikusle ziren batzuk orain antolatzaile ere badira, ekitaldi asko dira bi eragile edo gehiagoren artean antolatzen direnak, eta asterokoak edo maiztasun jakinekoak diren ekitaldi eta emanaldiak ere badaude Landetxeren egitarauan, osteguneroko zine-saioak eta hileko azken igandeko antzerki-emanaldiak, kasu.

“Hiru urte hauetan bere bidea eta lekua egin du Landetxek, kultur erreferentzia bat da herrian gaur egun eta pausaje lasai eta irmoz aurrerantzean ere oiartzuarrek elkarrekin amestu, gozatu eta lan egiteko espazioa izan nahi du. Herriko ehuna josten eta zabaltzen jarraitzeko bitartekoa”, Urdampilletaren hitzetan.

Kultura, Landetxeren lau zutabeetako bat

Orain 10 urte, 2016an aztertu ziren Oiartzunek zituen behar estrategikoak eta lau lehentasun identifikatu ziren Landetxerako: kultur aretoaren beharra, zahartze aktiboa sustatzeko jubilatuentzako egoitza berria, euskararen sustapena eta eragile guztiak elkartuko zituen espazioa, eta gizarte zerbitzuak eta zaintza erdigunean jartzeko azpiegitura egokiak. Lau hanka horiek ditu Landetxek: kultura, euskara, ongizatea eta adineko pertsonak.

“Lau hanka, hamaika ekimen, zientoka herritar eta etorkizuneko hazitegi eta laborategi handi bat, horixe da Landetxe Oiartzunen”, amaitu dute esaten Susperregik eta Urdampilletak.

Gehigarriak

Ia 500 ekitaldi eta 60.000 ikus-entzule Landetxen hiru urtean