Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
2025eko azaroan, udaleko EAJ eta EH Bilduko ordezkariek hondakinen kudeaketa eta birziklatze-maila hobetzeko erdietsitako akordio politikoan lau neurri nagusi adostu ziren; tartean, industriaguneetako hondakinen bilketa udalak berreskuratzea eta optimizatzea. Eta horretarako txosten teknikoak aztertu eta erabakiak hartu dira otsaileko osoko bilkuran.
Azken urteetan San Markok eskainitako zerbitzua berreskuratuta, “kontrola eta kudeaketa ahalmena izango ditu udalak, baita herriko enpresei arreta zuzenagoa emateko aukera ere”, azpimarratu du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. Bilketa selektiboa optimizatzeaz gain, “aipatzekoa da kontrol finantzarioa ere, industriaguneetako hondakinen tasa eta salmenta udalaren eskumenekoak izatera pasako baitira”. Horrek defizitean positiboki eragingo du.
“Orain arte bezala jarraituz gero, udalak ezin du eragin industrialdeetako hondakinen bilketa selektiboa eraginkorragoa izan dadin; ezta ekonomikoki errentagarriagoa izan dadin ere”. 2024-2025ean poligonoetan egindako azterketa-diagnostikoaren emaitzak argiak dira: poligono bat bera ere ez da iristen hondakinen bilketa selektiboaren %65eko langara (konparaketa gisa, Oiartzunen hiri hondakinen %80tik gora biltzen da gaika). Tasari dagokionez, kontrola ez da zorrotza eta izoztuta egon da azken urteetan. Hortaz, zerbitzua San Markorekin ematen jarraituta, udalak ez du ez bilketan ez tasan eragiteko aukerarik.
Garbitania Zero Zabor: aukera teknikorik efizienteena, iraunkorrena eta efikazena
Otsaileko osoko bilkuran industriaguneetako hondakinen bilketa Garbitania Zero Zabor entitate publikoaren bitartez egitea hobetsi da “azaroko adostasun politikoa exekutatzeko bide teknikorik efizienteena, iraunkorrena eta efikazena” delako. Alkateak adierazi duenez, “azaroan EAJ eta EH Bilduk poligonoetako hondakinen bilketa udalak berreskuratzea eta optimizatzea adostu ondoren, udal teknikariei horretarako biderik egokiena zein den aztertzeko eskatu zaie. Idazkariak, kontu-hartzaileak, ingurumen teknikariak eta giza baliabideetako teknikariak egin dituzten azterketek ondorioztatu dute adostutakorako tresnarik egokiena Garbitania dela”, aurrez Garbitania Oiartzungo Udalaren bitarteko propio izendatuta.
Garbitania Zero Zabor bere bazkide diren udalerriei kalitatezko zerbitzua eta prezio justua eskaintzen dizkien entitate publikoa da, hondakinak gaika bildu eta kudeatzeko baliabideak ahalik eta gehien optimizatuz. Oiartzungo Udala sozietateko bazkide izango da, 130.000€ko balioa duten partaidetzak erosiz. “Eragiketak ez du eraginik udalaren oreka eta funtzionamendu ekonomikoan”, adierazi du Mendiburuk. Aipatu baita ere, ohiko partizipazio erosketa bat dela (ez dela gastu estruktural iraunkorra), eta etorkizunean Garbitaniatik ateraz gero partaidetzen dirua berreskuratuko lukeela udalak.
Bestalde, “Garbitaniak egindako aurreazterketak poligonoetako bilketa eta kudeaketa lanek defizitik ez dutela sortuko aurreikusten da”, gorago esan bezala, tasaren eskumena udalarena izango delako, hondakin birziklagarrien bilketa nabarmen igoko delako eta errefusarena jaitsi, eta besteak beste, kartoia eta paperaren salmentaren bitartez udalak diru-sarrerak izango dituelako. Diru-sarrerak igotzea eta gastuak murriztea lortuko da.
Udaleko bi alderdien akordioa, %100ean betetzeko bidean
Pasa den azaroan, bi udal taldeek hondakinak kudeatzeko akordio politikoa lortu zutenean, birziklatze-maila hobetzen jarraitzeko eta horretarako herritarrei baliabide erosoak eskaintzeko ondorengo neurriak adostu zituzten:
Lehen hiru puntuak beteta eta laugarrena bideratuta, akordioa %100ean betetzeko bidean da. Trantsizio ekologikoaz hitz egiten den garaian, aitzindaria izan da eta da Oiartzungo hondakinen kudeaketa politika. “Eta hala izaten jarraitu nahi du, aurrerapausoak ematen segiz, elkarlanean”, dio udalak.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika