Eraso matxisten prebentzio eta arretarako gunea egongo da xanistebanetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Guztiontzat gozagarriak diren indarkeria matxistarik gabeko xanistebanak izatea lortu nahi du Oiartzungo Udalak, eta horretarako martxan jarriko dituzten zerbitzuak aurkeztu dituzte gaur Nora Velez del Burgo feminismo zinegotziak eta Garazi Urdanpilleta alkateordeak.

Azken urteetan egon den indarkeria matxisten aurrean informazio eta arreta gunea egongo da aurten ere, Doneztebe plazan bertan, Fermiñene etxean (Aialde kalea 2). Ia 24 orduz eskainiko da zerbitzua, prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia eskaintzeko. Abuztuaren 2 eta 3an (asteburuan) ordutegi hau izango du: 12:00etatik 14:30era, 18:00etatik 21:00etara eta 23:00etatiki 06:00etara. Astean zehar (abuztuak 4, 5 eta 6) arratsalde eta gaueko ordutegia mantenduko da, eta goizekoa zabaldu, 8:00etatik 14:30era.

Zerbitzu konfidentziala

Indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute arreta.

Bi zerbitzu emango dituzte: Batetik, informazio orokorra feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz, autodefentsa feministaz… Bestetik herritar guztiei informazioa eskainiko zaie, horretarako esku orri eta baliabide ezberdinak izango dituzte banatzeko. Edozein zalantza dutenei argibideak eman, erasotuak entzun, babestu eta dituzten beharren arabera gomendioak eta orientazioa eskainiko dituzte. Guztiz konfidentziala izango da arreta eta uneoro errespetatuko da erasotuaren borondatea.

Komun publiko gehiago

Festa espazio eroso eta garbia eskaini eta kaleak txukun mantentzeko 6 metroko modulu sanitarioa jarri zen txosnagunean iaz. Aurten mantendu egingo dituzte komun horiek, eta herriko plazan lau metroko beste bat jarriko dute, Fermiñene ondoan.

Argiztatua egongo dira eta bi langilek gainbegiratuko dute garbiketa eta erabilera egokia, higienea, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.

Txosnagunekoa arratsaldetik goizaldera egongo da irekita, eta plazakoa eguerditik gaueko kontzertua bukatu bitarte.

24 orduz emango du zerbitzua Xorrolak

Festetan gauez etxerako buelta egiteko Xorrola erabiltzea errotu egin da azken urteetan, eta aurten ere herri barruko autobus zerbitzua eskainiko dutela azaldu dute udal ordezkariek. Abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu orduro, 00:00etatik 06:00etara. Gainera, abuztuaren 1etik 2ko gauean hainbat kontzertu antolatu direnez aurten, gau horretan ere ibiliko da autobusa orduro auzoz auzo bueltaka (lehen zerbitzua 1:00etan egingo du eta azkena 4:00etan)  

Biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo:

  • Elizalde (irteera): biblioteka ondoko geltokia
  • Gurutze: Bizardia plazako autobus geltokia
  • Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia
  • Altzibar: Zokoloko zubia
  • Karrika: plazako autobus geltokia
  • Iturriotz: Beko soro pareko autobus geltokia
  • Ibarre: gasolindegiko geltokia
  • Elizalde: Pikabeneko geltokia
  • Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia
  • Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia
  • Mendin: frontoi gaineko geltokia

Eguneko Xorrolak ere ordutegi zabalgoa izango du xanistebanetan. 07:10ean egingo du lehen itzulia eta 22:40an azkena (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua zabalduko da eta egunero egongo da, ohiko ordutegian (larunbat eta igandean ere zerbitzuak astean zehar izaten duen ordutegia izango du).

Trafikoan eta hondakinen bilketan aldaketak

Festengatik herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan ere aldaketa egongo dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dituzte: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak, Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.

Hondakinen bilketa ordutegian ere aldaketak izango dira Elizaldeko zenbait kaleetan: Donibane, Mendiburu, Putxutxoerreka, Aialde, Kontzejupe, Kontzejuerreka eta Rafael Pikabea etorbidea (1, 3, 5, 7 eta 10), eta Done Eztebe, Landetxe, Kazkazuri eta Euskal Herria plazak. Bilketa goizean izango da, 9:00etatik aurrera eta beraz hondakinak 8:00etatik 9:00etara bitarte utzi beharko dira zintzilikatzekoetan: igande goizean errefusa, astelehenean organikoa, asteartean ontzi arinak, asteazkenean papera eta kartoia eta ostegunean organikoa. Ostegun gauean itzuliko da zerbitzua ohiko ordutegira.

Argazkian, Nora Velez del Burgo feminismo zinegotzia eta Garazi Urdanpilleta alkateordea, Fermiñene etxean.

Gehigarriak

Eraso matxisten prebentzio eta arretarako gunea egongo da xanistebanetan