Ekainaren 28ko adierazpena egin dute bi udal taldeek

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta adierazpen instituzionala adostu dute bi udal taldeek.

Gure herriko LGBTIQ+ pertsonen bizitzen alde urratsak emateko konpromisoa hartu dute EH Bildu eta EAJ-PNVko ordezkariek eta ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Adierazpena, osorik:

Ekainaren 28an, LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo eta mugimendu horren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz.  

Izan ere, komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak, eskuin muturreko diskurtsoak eta autoritarismoa sustatzen duten beste hainbat erregimenek ere, zapalkuntza sistematikoa eragiten diete LGTBIQ+ pertsonen eskubideei. Gaur egun oraindik ere munduko zenbait herrialdeetan, sexu-orientazio edo genero-identitate ez normatiboak kriminalizatuta daude, eta kolektiboa isilarazi, baztertu edo zigortu egiten da. 

Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du bizitzako arlo gehienetan, diskurtso patologizatzaileak oraindik ere ageri dira mundu osoan eta horiek irmotasunez salatu behar ditugu.  

Hala ere, ezin dugu ahaztu azken urteotan mugimenduaren eta erakunde publikoen arteko lankidetzari esker aurrerapauso esanguratsuak eman direla, eta horiek balioan jarri behar direla, oraindik dauden erronkei aurre egin ahal izateko. 

Funtsezkoa da injustizien aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatuko duena eraikitzen laguntzea.  

Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak txertatzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.  

Horregatik, Oiartzungo Udalak konpromisoa hartzen du, gure herriko LGBTIQ+ pertsonen bizitzen alde urratsak emateko eta dei egiten du ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, LGBTIQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztion erantzukizuna baita. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen. 

Bukatzeko, LGBTIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman eta zoriondu egin nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen duzuelako.  

Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a! 

Gehigarriak

Ekainaren 28ko adierazpena egin dute bi udal taldeek