Hileta zibilak egiteko hiru espazio eskainiko ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Ordenantza berriari hasierako onarpena eman zioten apirileko udalbatzarrean.

Hileta edo omenaldi zibilak arautzeko ordenantzari hasierako onarpena eman zioten asteazkeneko udal osoko bilkuran. Beilatokiaz gain, agurrak egiteko beste bi leku jarriko ditu Udalak herritarren eskura: Arizmendieneako lorategia eta Udaletxeko areto nagusia.

Ohituren eta ekintza sozialen adierazpenak “etengabe” aldatzen ari direla nabarmendu zuen Joana Mendiburu alkateak. “Jendartea plurala da, aniztasun ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala da nagusi eta maite ditugunak agurtzerakoan ere behar ezberdinei erantzungo dien espazioak jarri nahi ditugu oiartzuarren eskura”.

Oiartzungo beilatoki publikoa egin zenetik, toki hori hileta zibilak eta omenaldiak egiteko “geroz eta gehiago” erabiltzen dela azaldu zuen. “Lekua aproposa eta ingurua goxoa da, eta aukera ematen du zeremonia duina, pertsonala eta hunkigarria eskaintzeko”. “Modu naturalean” sortu den erabilera erraztu eta espazio berriak eskaini nahi ditu Udalak. Horregatik, beilatokiaz gain, Arizmendieneako lorategian eta pleno aretoan egiteko aukera egongo da aurrerantzean.

Udaletxean egingo da gune horiek erabiltzeko eskaera. Dena den, orain arte bezala, agurra gorpua beilatokian dagoenean egingo bada ez da erreserbarik beharko. Arizmendieneako edota areto nagusiko omenaldietan gorpuak ezingo du bertan egon. Aho batez onartu zuten espazio horien erabilera nola izango den jasotzen duen ordenantza berria. Proposamena jendaurrean jarriko dute 30 egunez, ekarpenak egin ahal izateko.

Udalbatzarrean landutako gainontzeko gaiak ere aho batez onartu zituzten zinegotziek. Apirileko protokolo gastuak 42,11 € izan ziren, bidaietan.

 

Gehigarriak

Hileta zibilak egiteko hiru espazio eskainiko ditu Udalak