Esteban Muruetagoiena giza eskubideek biktima gisa aitortu du Oiartzungo Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Esteban Muruetagoiena Scola, Oiartzungo medikua zena, duela 40 urte hil zen (1982ko martxoaren 20an). Giza eskubideen urraketen biktima izan zen eta 40 urtean ez du halako aitortzarik jaso. Hori dela eta, Oiartzungo Udalak, bertan ordezkaritza duten bi alderdi politikoen elkarlanean eta kontsentsuz (EHBildu eta EAJ) urtemuga baliatu nahi izan du Muruetagoiena giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortzeko. "Gaurkoa ez da Estebanen memoria oroitzeko egiten den lehen ekitaldia, baina bai Udaleko alderdi guztien kontsentsuari esker egiten den lehenengoa. Honek bizikidetzaren aldeko urrats bat izan nahi du".

Esteban Muruetagoiena jatorriz ondarrutarra zen, baina Oiartzungo medikua izan zen eta gure herrian bizi zelarik jasan zituen heriotza eragin zioten urraketa larriak. 1982ko martxoan atxilotu eta 10 egunez tortura larriak pairatu zituen. Kargurik gabe aske utzi eta hiru egunetara hil zen.

Tamara Muruetagoiena: "Pozik eta harro nago"

Ekitaldi hunkigarria izan da gaurkoa. Tamara Muruetagoiena Hormaza, Esteban zenaren alabak hartu du parte, hamarnaka herritarren babesarekin. Esker oneko hitzak izan ditu: "Pozik eta harro nago Udaleko alderdi guztiak ados jarri direlako nire aitari aitortza egiteko, askotan ados jartzea ez delako erraza izaten politikan". Bertaratu diren etxekoei eta herritarrei ere zuzendu zaie, "maite zaituztet denei, eta nabaritzen dut zuek ere nire aita maite duzuela". Bere aitari gertatutakoa beste inori ez gertatzeko bermeak aldarrikatu ditu.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak ere hartu du hitza. Lehenik eta behin, Tamara Muruetagoienari "eskerrak" eman dizkio "elkarlanean gaurko ekitaldia posible egiteagatik. Zure aitaren heriotzaren egia ezagutzeko bidean eta errekonozimenduan egiten ari zaren lanean babes osoa" adierazi dio Leonetek. Oiartzungo Udalak egia ezagutzeko abiatua duen bidean kokatu du gaurko ekitaldia.

"Senideen eta biktimen testigantzak entzuteak hausnarketarako aukera ematen du, egiaren konplexutasuna nabarmen geratuz. Isilarazi eta ezkutatutako sufrimendu horiek ezagutzea ezinbestekoa" dela aldarrikatu du Oiartzungo alkateak. "Aitortu gabeko biktimen artean daude tortura jasan dutenak. Oiartzunen gutxienez 129 pertsonek jasan zituzten", tartean, Esteban Muruetagoienak.

"Oso garrantzitsua da ez ahaztea Estebanek eta bere familiak bizitutakoa, gure herriaren historia ere badelako", gaineratu du Leonetek. "Giza eskubideen urraketen biktima guztiei dagokie egia, justizia eta erreparazioa. Oraindik ikus dezakegu biktima guztiek ez dutela trataera berdina jaso. Beraz, biktimen artean dagoen diskriminazioarekin bukatu behar dugu".

Leonet alkateak (EHBildu) eta Janire Mitxelena zinegotziak (EAJ) Tamara Muruetagoienari oroigarria oparitu diote Oiartzungo Udalaren izenean. Karrikako Iragorriko kanposantuan dagoen Anton Mendizabalen eskulturaren erreplika txikiak "alde batean iragana eta bestean etorkizuna" irudikatzen ditu.

Maiana Belaunzaran biolinistak, Mirari Martiarena aurkezleak, Lartaungo txistulariek eta Olarri dantza taldeak ere parte hartu dute ekitaldian.

'Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea' zikloaren bukaera

Gaurko aitortza instituzionalak aste honetan egin den Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea zikloari bukaera eman dio. Esteban Muruetagoienak sufritu eta jasandakora hurbiltzeko aukera izan dute oiartzuarrek egun hauetan. Gertatutakoa ezkutatzeko, ukatzeko eta isiltzeko egindako urratsen berri ere izan dugu, baita torturaren errealitatea ezagutzeko aukera.

Ostegunean, Javi Buces Aranzadiko ikerlariak 1936tik gaur egun arte Oiartzunen izan diren giza eskubideen urraketen testigantzak biltzeko lana azaldu zuen eta Tamara Muruetagoienak bere testigantza eman zuen. Bera da dagoeneko ikerketan parte hartu duten herritarretako bat.

Atzo, aldiz, aitortu gabeko biktimen errealitateari buruz aritu ziren Olatz Barrenetxea psikologo klinikoa, Paco Etxeberria mediku forentsea eta Laura Pego Zuzenbidean doktorea.

Ziklokoko ekitaldi guztietara jende asko hurbildu da. Seinale, bizikidetzaren bidean ematen diren urratsak beharrezkoak direla.

Gehigarriak

Esteban Muruetagoiena giza eskubideek biktima gisa aitortu du Oiartzungo Udalak