Bi oiartzuar sarituak, asteburuan

Mattin Etxebeste dantzaria eta Joxe Mari Aranburu babarrun ekoizlea dira txapelak lortu dituztenak.

Oiartzunen izena maila gorenera eraman dute bi herrikidek asteburu honetan. Mattin Etxebeste dantzariak Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa irabazi du eta Joxe Mari Aranburuk, berriz, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa.

Euskal dantzan bakarka irabaz daitekeen titulurik garrantzitsuena lortu du Mattin Etxebeste dantzari arraguarrak. Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa ospatu da Hondarribian, eta gipuzkoar erara dantzatutako aurreskuarekin irabazi du Etxebestek. Garaikurra lortzen duen hirugarren aldia da: 2022an irabazi zuen aurrenekoz, 2024an bigarrenez eta orain, 2026an, hirugarren aldiz.

Bordatxo baserriko Joxe Mari Aranburuk Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa irabazi du. Uzta berriari ongietorria egiteko ospatzen den Babarrunaren Festaren barruan egin da lehiaketa eta ekoizle onenaren saria jaso du Aranburuk bigarrenez, 2022an ere jantzi baitzuen txapela. Bere garaipena bereziki nabarmentzen da aurten, muturreko beroak eta lehorteak 2026ko uzta asko murriztu baitute. 6.000 kilo babarrun baino ez dira jaso Gipuzkoa osoan, aurreikusitakoaren herena baino gutxiago.

Argazkiak: Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra (Mattin Etxebeste) | DV (Joxe Mari Aranburu)

Gehigarriak

Bi oiartzuar sarituak, asteburuan