Apirilaren 1etik 30era egongo da epea irekita, online galdetegi bat betez edo Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoan egin ahal izango dira proposamenak.
Lau hilabete geratzen dira herriko festetarako, lau hilabete abuztuaren 2an udaletxeko balkoitik txupina bota eta bost eguneko festa lehertzeko. Hori hala izateko, suziria nork botako duen orain erabaki behar da. Orain artean, jai batzordeko eragileek egin izan dute hautagaien zerrenda eta haien artean adostu izan dute nork botako zuen abuztuaren 2ko suziria. Aurten lehengoz, oiartzuar orok izango du hautagaiak proposatzeko aukera; eta sortuko den hautagai-zerrendatik, azken erabakia jai batzordeak hartuko du.
Apirilaren 1etik 30era arteko epea izango dute oiartzuarrek hautagaien proposamenak egiteko. Online inprimaki hau betez edo Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoan horretarako jarri den postontzian egin daitezke proposamenak. Adin guztietako oiartzuarrek egin ditzakete eta anonimoak izango dira, txupinazoa botatzeko hautagaiaren izena eta proposamenaren zergatia adierazi behar dira inprimakian. Norbanakoak edo elkarteak izan daitezke suziria botatzeko hautagaiak. Behin proposamenak egiteko epea itxita, jai batzordeak zerrenda jaso, aztertu, erabakia hartu eta horren berri emango du. Hori ekainean izatea aurreikusten da.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika