Udaltzaingoa herritarren ongizateari eta zaintzari lotutako hainbat proiektutan lanean ari da

Bitartekaritza zerbitzuak urtea bete berri du eta indarkeria matxistaren kontrako plan integralaren idazketan ere parte hartzen ari da udaltzaingoa.

Oiartzuarren arteko elkarbizitza eta ongizatea zaintzea udaltzaingoaren jardunaren alde garrantzitsua da, trafiko- eta bestelako segurtasun-lanez haratago. “Egiteko modu, jokatzeko era eta traturako jarrera hurbila, atsegina eta ulerbera”, horiek dira Oiartzungo udaltzaingoaren premisak Olaia Lasa ongizate zinegotzi eta alkateordearen hitzetan, eta udaltzainen profilak horri erantzun behar dio.

Udalaren bitartekaritza zerbitzua da esandakoaren adibideetako bat. Lehendik ere egiten zen arren, orain urtebete jarri zen martxan modu egituratu eta zerbitzu egonkor moduan, eta udaltzaingoak eskaintzen du, horretarako formazio espezifikoa jasota. Herritarren arteko eguneroko tirabiretan zubi lana egin eta epaitegietara iritsi aurretik adostasunetara iristen laguntzeko herritarrentzako doako zerbitzua da, guztiz konfidentziala. 688 71 62 40 telefono-zenbakira deituta edo bitartekaritza@oiartzun.eus helbide elektronikora idatzita eska daiteke.

Xanet Lizeaga bitartekaritza koordinatzaileak adierazi duenez, azken urtebetean, 16 kasu artatu ditu udaltzaingoaren bitartekaritza zerbitzuak. Erdiak baino gehiagok emaitza positiboa izan dute: adostasun jakinetara iritsi dira aferan inplikatutako aldeak edo adostasun zehatzetara iritsi ez arren, egoera lasaitu eta hobetzea lortu da. Bost kasutan prozesua eten egin da, aldeetako batek bitartekaritza protokoloa behar bezala ez betetzeagatik edo uko egin izanagatik. Azken horietan ere, kontaktua egite hutsak egoera lasaitzen laguntzen duela ondorioztatu da. Izan ere, gai korapilatsuak izaten dira maiz, eta prozesuaren bukaeraraino iristea ez bada beti lortzen ere, lehen pausoa eman izana eta behar denerako erreferentziazko pertsona bat badela jakitea lagungarria izan ohi da. Herritarren arteko liskar eta ezin ulertuak, nagusiki, katu, txakur eta soinuengatik, etxe inguruetako gune komunen erabileragatik eta mugarriengatik (landa-eremuan) sortzen dira.

Udaltzaingoa, indarkeria matxistaren kontrako plan integrala idazteko talde eragilean

Udaltzaingoa Oiartzungo Indarkeria Matxistaren Kontrako Plan Integralaren idazketan ere parte hartzen ari da. Behin idatzita hala dagokien kasuen arretarako agente aktibo garrantzitsua izateaz gain, udaltzainak idazketan bertan ere parte hartzen ari dira berdintasun eta gizarte zerbitzuetako teknikari eta arduradunekin batera. Diagnostikoa eginda, indarkeriaren prebentzioa, arreta eta erreparazioa barne biltzen dituen lau urterako ekintza plana trazatzen ari da orain talde eragilea, beharko den formazio-planean ere arreta jarrita.

Bost udaltzain-posturen oposizio-lehiaketa

Apiril-maiatzean udaltzaingoaren oinarrizko eskalako bost agente plaza txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuaren deialdia egingo du Oiartzungo Udalak. Plazetako bat edo bi emakumeentzako erreserbatuko dira, pausoak eman nahi baitira maskulinizatutako lanbide batean emakumeei ere bide emateko eta euren parte-hartzea sustatzeko, Oiartzungo Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Barne Planarekin bat etorriz. Horrez gain, gorago esandakoak gogoan, arreta berezia jarriko da hautagaiek bitartekaritzarako eta indarkeria matxista kasuetan esku-hartzeko dituzten trebetasunetan. Lasa alkateordeak adierazi bezala, “Oiartzungo udaltzaingoaren jarduna herritarren zaintza eta ongizateari estu lotuta baitago”.

Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako bost agente plaza txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaketa prozesuaren gaineko informazio eta xehetasun guztiak www.oiartzun.eus webgunean izango dira ikusgai.

Gehigarriak

Udaltzaingoa herritarren ongizateari eta zaintzari lotutako hainbat proiektutan lanean ari da