Urteroko hitzordu batzuk ere izango dira: Olarriren dantzari eguna, Sareren barrikotea, Bizardiaren ibilaldi neurtua eta Abaraxkaren hilak oroitzeko eguna.
Haur eta gaztetxoentzako hitzorduak izango dira nagusi apirileko lehen hamabostaldian, udaberriko oporrak tarteko. Txikienek zinemaz, antzerkiaz eta hainbat tailerrez eta saioz gozatzeko aukera izango dute Abaraxka ludotekaren, Luberri geologia museoaren eta udalaren eskutik. Gaztetxoentzako txangoak eta mendi bueltak antolatu ditu udal Topalekuak. Behin oporrak bukatuta ere izango dute etxeko txiki eta gaztetxoek beste hainbat proposamenez gozatzeko aukera.
Hileroko Done Eztebe eliza eta Arizmendienea etxe-museoa ezagutzeko bisita gidatuek eta erretiratuentzako seiko urrreko karta-saioak eta kafe tertuliak ez dute kale egingo. Horiez gain, urteroko zita batzuk ere iritsiko dira apirilean. Sarek antolatzen duen barrikotea hilaren 11n izango da Elorsoro udal kiroldegian, Abaraxkaren gure hilak oroitzeko eguna Ibargain parkean apirilaren 18an, Olarriren dantzari eguna egun guztian zehar herriko plazan apirilaren 25an, eta biharamunean, hilaren 26an igandez, Gurutzeko Bizardia elkarteak antolatzen duen ibilaldi neurtua.
Esandakoez gain, Labore Oarson, kooperatibaren urteko batzar orokorra egingo da eta Jakoba Errekondoren hitzaldiaz gozatzeko aukera eskainiko da. Oiartzun Burujabek “Oiartzungo kultur ekosistema birpentsatuz” saioa egingo du. Apirilean Landetxen ikusgai izango diren filmen artean dago “Sorda”, hiru Goya sari irabazi berri dituen pelikula. Musikazaleek, besteak beste, “Kalakan & Berçaits Anaiak” taldeen kontzertuaz eta “Hezur berriak” bertso saio literario musikatuaz gozatzeko aukera izango dute. Historia zaleek, aldiz, Trikuharri kultur elkarteak antolatutako hainbat hitzaldi, mahai inguru, filma eta ibilaldiz disfrutatzekoa.
Ikusi hemen apirileko agendako hitzordu guztiak.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika