Elizalde ikastetxea erabat eraberritzeko aurreproiektua landu dute herri eskolak eta udalak elkarlanean

5 milioi euroko aurrekontua du aurreproiektuak. Europako funtsetara aurkeztu zen udan eta datozen egunetan jasoko da ebazpena.

Elizalde herri eskolaren beharrei erantzuteko asmoz, Oiartzungo Udalak ikastetxea erabat eraberritzeko aurreproiektua landu zuen 2025eko udan eskolako komunitateko kideekin elkarlanean: Elizalde Life Berri. “Hezkuntza-konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena den arren, beharra ikusita, ekimena hartu zuen udalak”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak.

Sei urteko obra-lanak aurreikusi dira aurreproiektuan, eta 5 milioi euroko aurrekontua. “Aurrekontua handia izanik, Oiartzungo Udalak txostena Europako Life programaren dirulaguntza-deialdira aurkeztu zuen 2025eko udan, eta ebazpena aurki, datozen egunetan, jasotzea espero da”, jakinarazi du alkateak.

Ikastetxearen eraikinaren eraberritze integrala du helburu Elizalde Life Berri aurreproiektuak, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHra arteko ikas-etapa guztiak barne biltzen ditu. Azterketa teknikoak bi alderdi nagusi ditu: eraikinari berari eta hezkuntza jardunari dagozkionak. Lehenean alderdi energetikoa landu da batik bat, eraikina hobetzeko eta gaur egungo legediak ere hala eskatzen duelako. Pedagogia da bigarrenaren oinarria, ikastetxea metodologia berrietara egokitzea, eraikinak behar pedagogikoei erantzutea, baita xedea. Ildo beretik, zaharkituta dauden eremuak berritu nahi dira, batez ere, HH eta DBHko eremuak.

Elizalde Life Berri, legegintzaldian orain arte egindako inbertsioen osagarri

“Elizalde herri eskola eraberritzeko Elizalde Life Berri aurreproiektua egin eta Europako funtsetara aurkeztu izana udala legegintzaldi honetan aipatu ikastetxean egiten ari den inbertsioen osagarri da”, Mendiburuk azpimarratu duenez. Mantenu lanez gain, azken bizpahiru urteetako inbertsioak kanpoaldeko eremuan egin dira; haurren beharrak erdigunean jartzen dituen patio inklusibo eta hezigarri baten birmoldaketan, hain justu.

Elizaldeko guraso elkartea eta udala eskolako jolaslekua biziberritzeko prozesu integrala ari dira gauzatzen: ikastetxearen kanpoaldeko espazioa eskolako proiektu pedagogikoaren parte bilakatu nahi dute, bertako eta herriko haur guztiei euren txokoa eskainiko dien patioa sortuz.

Fase ezberdinetan ari dira proiektua egikaritzen. Lehen zatian kantxak txikitu eta naturagunea handitu ziren. Bigarrenean kirol gunea berrantolatu eta margotu zen. Ostean, HHko naturagunea sortu. Ikastetxeko harmailak goxatzeko eta erabilera handitzeko proiektua ere badago.

Kanpoaldekoez gain, eraikinaren barrualdean ere egin dira inbertsioak. Besteak beste, hainbat leiho aldatu, eremu batzuetako argiteria berritu eta IKT sistemako hainbat lan egin dira. Orotara, mantenu-lanez gain, udalak 385.000€ euro inbertitu ditu Elizalde herri eskolan azken legegintzaldian.

Gehigarriak

Elizalde ikastetxea erabat eraberritzeko aurreproiektua landu dute herri eskolak eta udalak elkarlanean