Mugaldeko udaleku ibiltaria, hirugarrenez Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen

Uztailaren 13tik 19ra izango da eta izen-emate epea zabalik da martxoaren 31ra arte. 14-15 urteko gaztetxoei zuzenduta dago.

Gaztetxoentzako esperientzia berezia dator berriro, Mugaldeko udalekua hirugarren aldiz antolatuko baita. Bertan, 2011 eta 2012 urteetan jaiotako gaztetxoek izango dute parte hartzeko aukera, euskarazko aisialdia sustatzeko eta Ipar Euskal Herriko zein Hegoaldeko gazteen arteko loturak sendotzeko. Mugaldeko udalekua uztailaren 13tik 19ra egingo da eta izen-ematea (175€) zabalik da martxoaren 31ra arte.

Udaleku ibiltaria Arantzan hasiko da aurten. Eta Saran amaitu, Oiartzun eta Urruñatik pasa ostean. Herriz herri jarduera mordo bat antolatuko dira, euskal kultura, natura eta kirola uztartuz (besteak beste, euskal jokoak, herri kirolak, euskararekin motibatzeko tailerra, mendi ibilaldiak, surf ikastaroa, paint ball-a, meategietara bisita, eskalada, rap tailerra…). Parte-hartzaileek euskaraz aritzeko eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute.

40 gaztetxorentzako tokia

Iaz bezala, Mugaldeko udalekuan gehienez ere 40 gaztetxok izango dute parte hartzeko aukera. Lehentasuna izango dute Bortzirietan, Saran, Urruñan edo Oiartzunen erroldatutako gaztetxoek. Izena emateko epea bukatzean tokia geratuz gero, beste udalerrietatik izandako eskaerei erantzungo zaie, izena emandako ordena errespetatuz. Apuntatzen direnei apirilaren 30ean jakinaraziko zaie onartuak izan diren, eta behar diren tramiteak egiteko epe bat emango zaie ondoren (ordainketa, dokumentuak aurkeztea, etab.).

Mugaldeko udalekua Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatzen du, eta Bortzirietako euskara mankomunitatearen, Sara eta Urruñako herriko etxeen eta Oiartzungo Udalaren babesa du. Euroeskualdeak diruz lagundutako jarduera da.

Xehetasun gehiagorako edota izena emateko: https://komunikazioak.eus/mugaldeko-udalekua-aurkezpena/

Gehigarriak

Mugaldeko udaleku ibiltaria, hirugarrenez Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen