36ko gerran gertatutakoak bildu, forma eman eta zabaldu nahi dituzte proiektu berriarekin.
Memoria historikoaren alde lan egiteko sortu zen Oiartzungo Kattin-Txiki elkartea. 1936ko gerraren ondorioak bizi izan zituzten senide eta herritarrak, baita oroimenaren garrantziaz jabetutako lagunek ere, elkarlanean jarri zuten martxan egitasmoa, egia ezagutarazi eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko.
Lan horretan, “1936 Udatik negura 1” komikia argitaratu dute, Oiartzungo Udalaren dirulaguntzarekin. Atzo aurkeztu zuten liburua. Egileek azaldu zutenez, 36ko gerran gertatutakoak bildu, forma eman eta zabaldu nahi izan dituzte, oraingoan komiki formatuan. Gerraren bilakaera, faxistak estatu kolpea eman eta Oiartzungo herrira nola eta zergatik hurbildu ziren kontatzen da bertan, marrazki eta testu laburrekin jasoa. “Benetako historia da, egian oinarritutako eta kontrastatutako sekuentzia bat”.
Zauri kolektibo baten kontakizuna
Jon Gaztelumendi Kattin-Txiki elkarteko kidearen hitzetan, faxistek “arrasto handia utzi zuten herrian, zauri handi eta kolektibo bat, ez zirelako oharkabean pasa; su eta gar sartu ziren herritarren bizitza betirako aldatuz”.
Zentzu horretan, Garazi Urdampilleta alkateordeak eskerrak eman zizkien taldekideei proiektu hau aurrera ateratzeagatik. “Gure memoria jasotzeko modu ezberdin guztiak baliatu behar ditugu gure herriaren historia idatzita gelditu dadin eta transmititu dadin, eta bide horretan komiki hau ere ezinbestekoa da". Orain arte bezala, udaletik oroimen historikoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, “bide eta laguntza ezberdinak eskainiz”.
Kattin-Txikikoek ere udalaren laguntza ekonomikoa eta babesa eskertu zuten. “Horrelako proiektuak oso garestiak dira eta udalaren laguntzarik gabe ez lirateke posible izango”. Proiektua bigarren komikia-liburua osatuko dutela ere iragarri zuten, “datorren urtera begira argitara eman nahi duguna”. Lehen zatia eskuragarri dago jada, 20 euroan Urrats liburu-dendan.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika