Euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan ikasteko saioak eskainiko dituzte Udalak, UEMAk eta AEK-k

Doan izango dira eta irailaren 19a arte eman daiteke izena.

Oiartzungo Udalak, UEMAk eta AEK-k Etorri euskarara! ikastaroak eskainiko dituzte euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko helburuarekin. Horretarako AEK-k, gurasoen beharrei egokitutako metodologia prestatu du, finean, seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea eta euskara lehenesteko estrategiak garatzea helburu izango duten ikastaroak izango dira.

Antolatzaileen hitzetan egitasmoa “estrategikoa” dela azpimarratu dute, ikastaroek euskarara hurbiltzeko aukera emango dietelako gurasoei, esparru akademikoa alde batera utzita, beraien eguneroko zereginetan erabiltzeko. Seme-alaben ikasketa-prozesuan bidelagun izateko baliabideak izatea, gurasoen arteko harremanetarako oinarrizko ezagutza eskuratzea eta euskara lehenesteko estrategiak garatzea da landuko dena, haien eguneroko komunikazio-egoerak euskaraz izan daitezen.

Ikastetxean bertan, eta doan

Ikastaroak seme-alaben ikastetxean bertan izango dira, Elizalde Herri Eskolan eta Haurtzaro Ikastolan eta eskola-orduetan. Horretaz gain, ikastaroak doan izango dira, Oiartzungo Udalak beregain hartuko baitu egitasmoaren kostua, ’Euskara eta Kulturartekotasuna Oiartzunen’ proiektuaren baitan.

Irailaren 19a arte dago izena emateko aukera, ikastetxeetan bertan edo online inprimaki bat beteta (https://www.labur.eus/etorriEUS). Urrian abiatuko dira saioak eta 120 orduko iraupena izango du ikastaroak (astean bi orduko maiztasunarekin). 

Argazkian, ezkerretik eskubira, Irati Odriozola UEMAko euskara teknikaria, Aiako Harria Gaztelumendi Euskara zinegotzia eta Aitziber Arnaiz, udaleko euskara zinegotzia.

Gehigarriak

Euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan ikasteko saioak eskainiko dituzte Udalak, UEMAk eta AEK-k